Udalak datorren astelehenean, urriaren 17an, martxan jarriko ditu ur hornidura sarea konpontzeko behin betiko lanak

2022/10/13
Card image cap
Ur hornidura mantentzeko, eraiki berri den sare alternatiboa erabiliko da, eta aldaketa egiteko, ur zerbitzua etengo da: eten hori urriaren 17ko 07:30etik aurrera izango da, eta aurreikusten da 12 ordu inguru irautea.

Joan zen irailaren 26an Arrasateko ur horniduraren sisteman antzemandako matxuraren ondorioz, udala hainbat jarduera egiten ari da horniduraren egoera kritikoa normaltasunera bideratzeko: sare alternatibo bat instalatzeko lanak amaitzear daude, herritarrei ura hornitzeko, matxuratutako ur eroanbidearen sistemaren behin betiko konponketa lanak egiten ari diren bitartean.

Ordezko eroanbidea kontratatzeko eta instalatzeko lanak egin dira aurreikusitako epea (2-3 aste) baino lehenago, 10 bat egunean.

Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, “Udalak bi aukera zituen mahai gainean matxura konpontzeari ekiteko, eta lehentasuna eman diogu herritarrei zerbitzua mantentzeari eta erantzukizunez jokatzeari: etxebizitzak ditugu, baina baita ospitaleak, egoitzak, eskolak, enpresak... eta guztien hornidura eta aktibitatea lehenetsi nahi izan dugu eta hornidurarik eza minimizatuko duen sare alternatibo bat egin”.

Sare alternatibo hori martxan jartzeak ur hornidura etetera behartzen du udala: etete hori urriaren 17ko 07:30etik aurrera izango da, eta aurreikusten da 12 ordu inguru irautea.

Behin hornitzen hasita ordezko hoditeria horretatik, ez dakigu emari, presio eta/edo hornidura arazorik izango den edo ez udalerriko eremu jakin batzuetan, eta, horregatik, oso garrantzitsua izango da ura erabiltzea neurriz, arduraz eta modu solidarioan.

Ordezko sarea martxan jarri osteko lehen unerako, gomendatzen da hasieran zikin etorri daitekeen ura korritzen uztea, eta txorrotak apurka-apurka zabaltzea, kolpera zabaldu beharrean.

Matxura konpontzeko lanak amaitu ostean, ordezko eroanbidea zerbitzuz kanpo utziko da, eta ura hornituko da ohiko eroanbidetik.