Udalak Erguineko Herri Eskolako teilatua berritzeko lanak hasi ditu

2025/06/05
Card image cap
Arrasateko Udalak hasi ditu Erguineko Herri Eskolako eraikinaren teilatua berritzeko lanak. Obraren helburua da egungo estalki inklinatua erabat berritzea eta, bide batez, etorkizunean plaka fotovoltaikoak instalatzeko aukera erraztea, beharrezko egokitzapenak eginez.

Obren adjudikazio aurrekontua 316.825,27 eurokoa da (BEZ barne), eta Construcciones Echaide SA enpresak egingo ditu lanak. Obrak gauzatzeko epea 18 astekoa izango da.

Lanen artean daude: estalkiaren egitura sendotzea plaka fotovoltaikoen pisua jasateko moduan izateko, teilatu-hodien berritzea, hegalean konponketak egitea, kaltetutako tablero aurrefabrikatuak ordezkatzea, eta teilatu osoko teilak berritzea.

Jasone Giradok, Ongizate, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotziak, adierazi duenez, “Azken urteetan eraikinean hainbat itogin atzeman dira, eta horrek bultzatu gaitu esku hartzera. Kontuan hartu behar da eraikina Udalaren jabetzakoa dela eta teilatua ez dela azken hamarkadetan aldatu. Lan hauek ezinbestekoak dira eraikinaren egoera hobetzeko eta segurtasuna bermatzeko”.