Arrasateko Udalak eta San Juan Bataiatzailearen parrokiak akordioa lortu dute beste 10 urterako, Musakolako jubilatuen etxeak San Isidron jarraitu dezan

2022/07/12
Card image cap
2031 bitarte, udalak 1.081 euro ordainduko du hilean.

Duela 17 urte, 2005ko martxoaren 16an, Donostiako Apezpikuak eta Arrasateko Udalak hitzarmen bat sinatu zuten, eta horri esker Musakolako Jubilatuen Etxeak urte horietan guztietan San Isidro ermitan izan du bere lekua.

Hitzarmen horrek esaten zuen Arrasateko Udalak lokalaren teilatuaren konponketa egiten zuela eta ordainean, trukean,  jubilatuen lokala erabiliko zuela doan epealdi baterako, hain zuzen 10 urterako, beste 5 urte izanik luzagarria.

Orain, Arrasateko Udalak eta San Juan Bataiatzailearen parrokiak akordio berri bat lortu dute beste 10 urterako. Modu horretan jubilatuen etxeak bertan jarraitu ahal izango du. gutxienez beste 10 urtez. 

Akordio berriak 2031. urte arte iraungo du eta erabileraren truke udalak errenta bat ordainduko dio San Juan Bataiatzailearen parrokiari, 1.081 euro hilean. Gainera, San Juan Bataiatzailearen parrokiak San Isidro ermitaren teilatua konponduko du.

Alokairu kontratua sinatu zuten Maria Ubarretxena alkateak eta Victoriano Etxabe parrokoak, eta lorturiko akordioa  “oso positibotzat” jo dute: “herritar askok eta askok erabiltzen duten zerbitzuari jarraipena bermatu diogu elizbarrutiarekin lortutako akordioaren bitartez. Hilabeteetako elkarlanak fruituak eman ditu herriarentzat hain onuragarria den zerbitzuari egonkortasuna emateko”.