Udalak Muzibar-Arbolapeta kaleen arteko berrantolaketa proposamenak aurkeztu dizkie arrasatearrei

2016/02/08
Hogeitabat berrantolaketa proposamen nagusi daude eta horien gaineko informazioa jaso ahal izango dute arrasatearrek Kulturaten, otsailaren 8-19 bitartean. Udalak herritarren inplikazioa sustatu nahi du, beren iritziak jaso eta arrasatearrei gardentasun osoz informazio guztia eman

Arrasateko Udalak, otsailaren 8-19 bitartean , Muzibar-Arbolapeta kale tarteen berrantolaketa gauzatzeko dauden 21 proposamenei buruzko informazioa jasotzen duen erakusketa abian jarriko du, arrasatearrek hauen berri izan dezaten. Udalak adierazi duenez, Udala Plaza–Alde zaharra ardatzak, oinezkoentzako zirkulaziorako neurrien inguruan dituen gabeziei erantzuteko beharrak sortutako proiektu bat da. Herrian izango duen eraginagatik eta ekarriko dituen aldaketengatik, udal gobernuak, beharrezkotzat jo du herritarren inplikazioa, beren iritziak jasotzea eta gardentasun osoz eta erraztasunak emanez arrasatearrei prozesu eta proiektuaren berri ematea.

Kulturaten ezarritako erakusketan beraz, panel desberdinen bitartez, berrantolaketarako dauden hogeitabat aukera  azalduko dira, hiru multzotan banatuta:

1. erreka azaleratu barik uztea
2. erreka azaleratzea zabalera txikian
3. erreka azaleratzea zabalera handiagoan

Aukera horietako bakoitzak ondorio eta aukera desberdinak ekarriko ditu: bidegorria egitea, aparkalekuak kentzea, oinezkoentzako kale bihurtzea… Bistakoa da, beraz, aldaketa nabariak ekarriko dituela eta horregatik da hain garrantzitsua arrasatearrek proiektuaren nondik norakoak ezagutzea, prozesuan parte hartu eta beren iritzia eman dezaten.

Kulturaten erakusketa eta bisita gidatuak

Muzibar-Arbolapeta logoa

Kulturaten informazio panelak jartzeaz gain, udal teknikari bat egongo da bertan, hiru orduz egunean, azalpenak ematen eta zalantzak argitzen eta otsailaren 11ean eta 18an bisita gidatuak ere egingo dira definitutako oinezkoentzako ardatzera. Horiek horrela, herritarrek beren iritzia eman eta proposamenak eta ekarpenak egin ahal izango dituzte Kulturaten bertan, webgunean edota BAZean.

Alkateak, herritarrak proiektu honetan inplikatzeko eta beraien iritziak ezagutu eta jasotzeko duen nahia berretsi du - “gardentasuna, gertutasuna, entzute aktiboa eta parte hartzea udalean egiten dugun lanaren ezaugarri izatea nahi dugu” gaineratu du.