Udalak bere horretan mantenduko du San Juan etxe taldeko arkua, Ekobulebarraren proiektuan, auzotarren eskaerari erantzunez

2020/10/28
Ekobulebarra eraberritzeko obrak 2021eko urtarrilean hasiko dira, baina San Juan etxe taldeko berrurbanizazioaren zatia ez da gauzatuko egin beharreko aldaketak egin arte, bizilagunekin urriaren 20an izandako bileran geratu bezala.

Bilera horretan, San Juan etxe taldeko bizilagunen ordezkaritza ados agertu zen proiektuarekin, baina aldaketa bi proposatu zituen: arkua ez botatzea eta urbanizazioaren saneamendua berritzea.

Bizilagunek San Juan etxe taldeko saneamendua egokitu gura dute, eta obra publikoa aprobetxatu aldaketa egiteko. Horrela, bizilagunek bere gain hartuko lukete zati pribatua, etxebizitza bakoitzaren saneamenduari dagokiona, eta udalak zati publikoa. Horretarako, proiektua berrikusi egingo da, eta saneamendu aldagaia txertatu; horrela, azpiegitura osorik berrituko da, bizilagunekin lankidetzan. Udalak azpimarratu ditu San Juan etxe taldeko bizilagunen jarrera eta inplikazioa.