Udaleko artxibo berria estreinatuko dugu aurten

2014/02/19
Card image cap
Markuleteko 18. pabiloian kokatuko da artxibo berria, egungo espazio falta konponduz eta dokumentuak gordetzeko baldintza egokiak bermatuz.

Egungo Udal artxiboa txiki geratu da, espazio falta dago dokumentu guztiak gordetzeko eta, gainera, ez daude denak espazio bakar batean bateratuta. Bada, aurten Markuleteko 18. pabiloia egokituko dute, aspaldian bistakoak ziren behar horiei erantzuteko. Udal artxibo berrian gordeko dira dokumentu gehienak; Udaletxeko eraikinean gordeko dituzte, berriz, azken 15 urteetako dokumentuak eta XX. mende aurreko dokumentazio guztia.

Markuleteko 18. pabiloian lehendabizi egingo direnak izango dira espazioa instalazio aldetik egokitzeko lanak, izan ere,  momentu honetan pabiloia guztiz  hutsik dago eta artxibo erabilerarako egokituko da:

  • Alde batetik, igeltseritza lanak burutuko dira eta egingo dira zenbait instalazio;  elektrizitate eta argiarena, suteen aurkakoa eta girotze instalazioa (dokumentuak baldintza egokietan gordetzeko).
  • Bestetik, egokitze lanotan espazioa bera ere moldatuko da artxiboaren beharretara. Orain pabiloian ez dago inolako espazio banaketarik eta gerora, obra egindakoan, bi espaziotan egongo da banatuta: Udaleko artxiboko langileen zereginetarako gunea eta dokumentuen biltegia bera.

Pabiloiak berak 280 metro karratuko azalera dauka; dokumentuen biltegiak 218 metro karratu izango ditu azaleran eta 7,90 metroko altuera.

Egokitzapen lanok ekaina hasieran hastea aurreikusten da eta lau hilabeteko iraupena izatea. Artxiboko obren lehen fase hau amaitu bezain laster bigarren faseaz hastea da asmoa, hau da, biltegian apalak jartzen hastea.

Otsailaren 17an onartu dira egokitzapen obra kontratatzeko pleguak eta GAOn argitaratzen diren momentutik interesa duten enpresek aurkeztu ahalko dituzte beraien eskaintzak. Egokitzapen obraren proiektuko aurrekontua da 276.500 eurokoa (BEZ barne).

Gaur egungo artxiboak 1000 metro lineal inguru dokumentu dauzka eta, gutxi gora behera, urtean 70 metro linealeko hazkundea izaten dugu Udal artxiboan.