Udaltzaingoak legez kanpo zeuden bi patinete elektriko konfiskatu ditu aste honetan: “108km/h-ko abiadura hartzeko trukatuta zeuden”

2025/11/12
Card image cap
Biak legez kanpokoak ziren, legezkoa dena baino abiadura handiagoa hartzeko modukoak: legeak 25 km/h-ko muga ezartzen duen bitartean, patinete hauek 87 eta 108 km/h-ko abiadura har zezaketen.

Arrasateko Udaltzaingoa lanean ari da azken hilabeteetan patinete elektrikoen erabilerari buruzko kontzientziazio eta informazio kanpainak egiten, eta aldi berean, baita erabilera egokiaren jarraipena egiten.

Zentzu horretan, aste honetan, bi patinete elektriko konfiskatu ditu Udaltzaingoak. Biak legez kanpokoak ziren, legezkoa dena baino abiadura handiagoa hartzeko modukoak: legeak 25 km/h-ko muga ezartzen duen bitartean, patinete hauek 87 eta 108 km/h-ko abiadura har zezaketen.

Arriskua eta ondorioak

Udaltzaingoak azpimarratu du abiadura handian patinetez zirkulatzea arriskutsua dela, bai gidariarentzat bai gainerako herritarrentzat.
Gainera, kasu hauetan salaketa administratiboak eta isunak ez ezik, delitu penal baten aurrean aurki daiteke erabiltzailea. Izan ere, patinete horren berezko ezaugarriak legeak ezarritakoetatik kanpo badaude; adibidez, 25 km/h-ko abiadura gainditzen badu, legez kanpoko ibilgailuan bilakatzen da eta ezin da herrian erabili. 

Kontzientziazioa eta informazioa

Urritik, Udaltzaingoak kontzientziazio eta informazio ekintzak egiten ditu kalean, patinete elektrikoen erabiltzaileei DGTk ezarritako arauei buruzko informazioa emanez.
Hilabete batean zehar, esku-hartze ugari egin dira, herritarren segurtasuna bermatzeko eta erabilera arduratsua sustatzeko.

Informazio osoa eskuragarri dago hemen: DGTren irizpideak patinete elektrikoen erabilerari buruz hemen.

Zirkulazio ordenantza berria

Bestalde, Arrasateko Udalak Zirkulazio ordenantza berria idazteko lanak amaitzear dituela jakinarazi du. Gaur egun indarrean dagoen araudia 2014koa da, eta egungo egoerara egokitzeko beharra dago.
Udalak herritarren parte-hartzerako epea irekita du datorren astelehenera arte, azaroak 17. Parte hartzeko aukera dago hemen: https://partaidetza.arrasate.eus/eu/

“Urtea amaitu baino lehen ordenantza berria batzordean lantzea aurreikusten dugu, eta otsaileko osoko bilkuran onartzea espero dugu”, azaldu dute udal ordezkariek. Ordenantza honek erabilera arauak zehaztuko ditu eta herritar guztientzako tresna izango da.

Udaltzaingoaren ohartarazpena

Amaitzeko, Udaltzaingoak gogorarazi du patinete elektrikoak ez direla jostailuak, eta ez direla gomendagarriak opari moduan gazteentzako, bereziki gabonetarako.
Helburua da segurtasuna eta elkarbizitza bermatzea herriko kaleetan.