Udan Udala auzora igotzeko autobus zerbitzu publikoa jarriko du hirugarren urtez jarraian Arrasateko Udalak

2026/06/15
Card image cap
Zerbitzua indarrean egongo da uda denboraldian, ekainaren 19tik irailaren 13ra arte, asteburu guztietan: egubakoitzetan, larunbatetan eta igandeetan. 10:00etan aterako da lehen autobusa erdigunetik eta 21:30etan aterako da azkena Udala auzotik. Orduro egongo da autobus zerbitzua, bazkal orduetan errefortzu bereziarekin, ordu erdiro. Kotxe pilaketen ondorioz errepide ertzean sortzen diren segurtasun arazoak ekidin eta bizilagunen eguneroko lan jarduna erraztea nahi du Udalak.

Uda sasoiaren etorrerarekin batera, Udala auzoan kotxeen pilaketa handia gertatzen da urtero, eta honek trafikoan eta auzoko bizilagunen eguneroko joan-etorrietan arazo larriak sortzen ditu. Egoera horri aurre egiteko, Arrasateko Udalak hirugarren urtez jarraian autobus zerbitzu publikoa jarriko du.

Larrialdi zerbitzuentzat oztopoa

Auzo horretako bizilagunek urte luzetan eskatu dute trafiko arauak zorrotzago betearaztea, izan ere, gaizki aparkatutako ibilgailuek sarritan oztopatzen dute errepideko zirkulazioa, eta horrek ondorio larriak izan ditzake.

Udaltzaingoak dagoeneko jakinarazi du auto masifikazioak larrialdi-zerbitzuetarako (anbulantziak edo suhiltzaileak) dakarren arriskua. Larrialdi-egoera sortuko balitz, ezingo litzateke bermatu zerbitzu horiek iritsiko direnik. Adibidez, duela bi urte, anbulantzia bat ezin izan zen auzora sartu, kotxe pilaketagatik. Arazo larri horiek ekiditeko neurriak hartuko dute Udalak eta Udaltzaingoak.

Horrez gain, baserrietako sarrera-irteerak ere blokeatuta geratzen dira, eta horrek eragiten du auzotarrek beren lanerako ezinbestekoak dituzten traktoreak eta bestelako tresnak erabiltzea ezinezko izatea. Ondorioz, Udaltzaingoak trafikoaren zaintza zorrotzagoa egingo du, eta gaizki aparkatutako ibilgailuek isunak jaso ditzakete. Helburua da errepidearen segurtasuna bermatzea eta auzoko bizikidetza errespetatzea.

Asteburuko autobus zerbitzu berezia

Kotxeen erabilera saihestu eta garraio publikoa sustatzeko asmoz, udalak autobus zerbitzu berezia jarriko du martxan asteburuetan, erdigunea eta Udala auzoarekin lotura bermatzeko. Gainera, bazkal orduetan errefortzu berezia jarriko da.

  • Zerbitzuaren indarraldia:
    • Ekainaren 19tik irailaren 13ra arte, asteburu guztietan: egubakoitzetan, larunbatetan eta igandeetan.
  • Geltokiak: San Frantzisko (2. linea), Erguin (2. linea) eta Udala auzoa.
  • Ordutegia:
    • Arrasate → Udala:
      10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 14:00, 14:30, 15:00, 15:30, 16:00, 16:30, 17:00, 18:00, 19:00, 20:00, 21:00
    • Udala → Arrasate:
      10:30, 11:30, 12:30, 13:30, 14:15, 14:45, 15:15, 15:45, 16:15, 16:45, 17:30, 18:30, 19:30, 20:30, 21:30
  • Prezioa: 0,50 € bidaia bakoitzeko.
    • Ordainketa eskudirutan soilik (ez da onartzen Lurraldebus/Mugi txartela).
  • Zerbitzua emango du: Cuadrabus enpresak.

Udala auzora modu arduratsuan igotzeko aholkuak

  • Erabili garraio publikoa ostiraletik igandera
    • Etengabeko autobus zerbitzua egongo da ostiraletik igandera.
    • Auto pilaketa ekiditeaz gain, natur espazioaren jasangarritasunean ere lagunduko duzu.
  • Partekatu ibilgailuak kotxe bakarrarekin
    • Lagunekin edo senideekin kotxea partekatzea aukera ona da.
    • Kotxe gutxiago = trafiko gutxiago.
  • Aparkatu soilik leku seinalatuetan
    • Ez aparkatu marra jarraitua dagoen lekuetan, isunak jasotzeko arriskua izango duzu.
  • Udalara igotzeko natur bideak erabili
    • Udala auzoa landa auzo bat da, eta natur bidea dago Udalara igotzeko.
    • Naturaz gozatzeaz gain, bizi aktiboa sustatzeko aukera izango duzu.
  • Errespetatu auzoa eta natur ingurunearen lasaitasuna
    • Gogoratu bizilagunak urte osoan bizi direla Udalan, ingurunea errespetatzea guztion ardura da.