Ur-puzgarriak eta beroaren aurkako aholkuak San Juan jaietarako
2026/06/18
Euskalmetek datozen egunetarako egindako iragarpenek adierazten dutenez, 2026ko Bero Planean ezarritako tenperatura-atalaseak gaindituko dira, eta Arrasaten (Kantauri eremuko barnealdea) arrisku horiko mailak (arrisku txikia) sortuko dira ekainaren 18rako eta 19rako. Egoera hori ekainaren 28ra arte luzatu ahal izango da, eta oso litekeena da alerta laranjako edo gorriko egoerak izatea (arrisku ertaina eta handia) igandea 21etik aurrera eta ia datorren aste osoan, 38°C - 40°C inguruko balioekin.
Gainera, gehieneko eta gutxieneko tenperaturaren atalaseak 5 egunez edo gehiagoz gainditu ahal izango dira ekainaren 19tik 26ra.
Jaietan haurrentzako ur puzgarriak jarriko dira
Beroaldia aurreikusi denez, Udalak erabaki du haurrentzako puzgarriak urezkoak izatea. Modu honetan, haurrak bertan freskatzeko aukera izango dute. Ekainaren 23an eta ekainaren 24an Zaldibarren izango dira puzgarriak. Ordutegia 12:00-14:00 eta 16:00-19:00 izango da.
Udalaren gomendioak
Iragarpen horiek ikusita, Arrasateko Udalak berriro ere aholku batzuk gogorarazi nahi ditu beroak pertsonen osasunean dituen ondorioak prebenitzeko, eta osasun-larrialdi bihur daitezkeen egoerak ekiditeko baliagarriak izan daitezkeenak, batez ere adineko pertsonen, patologia kronikoak dituzten pertsonen eta haurtxoen artean:
- Eguerdiko orduetan eguzkitan ez egotea. Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Behar bezala hidratatzea, maiz ur freskoa edanez, egarri izan arte itxaron gabe.
- Arropa arina, zabala eta izerditzen uzten dutena erabili.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea tenperatura altuko aldietan, eta batez ere bero handieneko orduetan.
- Etxean, leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altua denean.
- Bero handia nabaritzen bada, hartu dutxak edo ur hotzeko bainuak, edo freskatu gorputza, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin.
- Etxea freskatzerik ez badago, leku fresko batean (aire girotua duen eraikin publiko batean) eguneko 2 ordutik 3ra pasatzea. Etxaluze, Usaetxe eta Zigarrolako Adinekoen Zentroak aterpe klimatiko gisa erabil daitezke: bero-boladetan babesleku diren guneak. Kanpoko espazio itzaltsuak (Monterron eta Santa Barbara parkeak) ere babesleku izan daitezke.
- INOIZ EZ utzi inor aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, nahiz eta itzalpean egon.
- Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, babes-neurriak hartzeko zailtasunak izan ditzakete; beraz, komeni da gutxienez egunean behin bisitatzea.
- Osasun Zentroari kontsultatu tenperatura altuekin lotutako sintomak (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabioa...), ordubete baino gehiago luzatzen badira.
- Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112