Uribe auzoko parkea ‘Kaleidoskopio’ eta Legarra plazakoa ‘Erdi Aroko hiri’ bihurtzea aukeratu dute herritarrek

2022/03/31
Card image cap
• Prozesu partehartzaile honetan 2.306 herritarrek eman dute botoa eta nabarmentzekoa da herriko gaztetxoek izan duten partehartzea • Udalak instalazio horiek berrituko ditu 120.000 euroko partida batekin, 2022ko Udal aurrekontuetan jasoa: 40.000 euro Uribe parkerako eta 80.000 euro Legarrarako. • Lehiaketa publikora aterako da apirilean parkeen kontratazioa, aukeratuak izan diren parkeak eredu bezala erabiliz. Parkeen eraberritze lanak urteko azken lauhilekoan burutzea du asmo Udalak.

Udalak Uribe auzoko eta Legarra plazako parkeen diseinu berria aukeratzeko prozesu parte-hartzaile bat jarri zuen abian hil hasieran eta 14 eguneko bozketa fasearen ostean, 2306 herritarrek aukeratu dituzte beraien parke-eredu gustukoenak: ‘Erdi Aroko Hiria’, 364 botorekin Legarra Plazan eta ‘Kaleidoskopioa’, 352 botorekin Uribe auzoan. 154 bozka baliogabeak izan dira. 16 urte edo gehiago dituzten arrasatear guztiek bozkatu ahal izan dute, era presentzialean zein online.

Herriko gaztetxoenek parte-hartzeko lanketa berezia burutu dute Udalak eta Herri Eskolak zein Arizmendi Ikastolak elkarlanean, Arrasateko Haur Kontseiluaren eskakizunez. Arrasateko Udal ordezkariek nabarmendu dute herritarrek prozesuan erakutsitako interesa: “pozgarria da parte-hartze datu ikusgarri hauek lortzea bi auzo hauetako haur-parkeen eraberritze prozesuek. Eskertu nahi dugu Ikastola eta Herri Eskolak eskaini diguten laguntza prozesua aurrera eramateko unean. Guztion artean erabaki dugu, beste behin, arrasatearrentzako kalitatezko instalazioak eta zerbitzu publikoak bultzatzen jarraitzea”.

15 urtetik gora dituzten parkeak dira, eta eraberritze sakona behar dute. Uribeko parkeak 375 metro koadro ditu eta Legarrakoak 745. Proiektatutako aukerak 27 izan dira guztira: 13 Uribe auzoarentzat eta 14 Legarra plazarentzat. Proposamen guztiek dibertsitate funtzionala duten pertsonei egokitutako elementuak zituzten.

Bozketaren emaitzak ikusteko, sakatu hemen.

Apirilean lizitazioa abiatu, 2022ko irailean eraberritzea abiatu

Udalak instalazio horiek berrituko ditu 120.000 euroko partida batekin, 2022ko udal aurrekontuetan jasoa: 40.000 euro Uribe parkerako eta 80.000 euro Legarrarako.

Lehiaketa publikora aterako da apirilean parkeen kontratazioa, aukeratuak izan diren parkeak eredu bezala erabiliz. Parkeen eraberritze lanak urteko azken lauhilekoan burutzea du asmo Udalak.

Hemen ikusi ditzakezu proiektuen irudiak: