Urriaren 14tik 16ra ospatuko da aurten Puntaik Punta, Debagoieneko Bidezidorren Jaialdia

2022/10/11
Card image cap
Arrasate izango da aurten jaialdiaren erdigunea, eta hainbat jarduera antolatu ditu Mankomunitateak bertan.

Debagoieneko Mankomunitateak Puntaik Punta Bidezidorren Jaialdia antolatu du beste urte batez. Aurten Arrasate izango da jaialdiaren erdigune eta adin-tarte guztientzako ekintzak egingo dira udalerriko hainbat guneetan.

Maite Antón, Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariak prentsaurrean adierazi duenez, “Puntaik Punta jaialdi maitatua da eskualdean. Debagoieneko ingurumen ondarea balioan jartzeko helburuarekin sortu zen 2016an eta 6. edizioa izango da aurtengoa. Edizio bakoitzean herri batek hartzen du jaialdia eta aurten Arrasaten ospatuko da. Egunean zehar egiteko hainbat ekintza antolatu ditugu publiko zabalarentzat: kontzertuak, ibilbide gidatuak, ipuin kontaketa, bizikletan ibilbideak, kale antzerkia, bisita geologikoa etab. Gainera, egun horietan Arrasaten bertan gaua igaro nahi dutenentzat, Arruena parkean autokarabanak aparkatzeko aukera ere egongo da. Natura maite duen edonor ongietorria izango da Arrasaten urriaren 14tik 16ra egingo ditugun ekintzetan”.

Iker Goiria, Foru Aldundiko turismoko zuzendariak azpimarratu duenez, “zortea da horrelako ekimenak izatea lurraldean. Puntaik Punta erabat lerrokatuta dago Aldundiko Turismo Zuzendaritzaren estrategiarekin, izan ere, iraunkortasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren balioak bat datoz legealdi osoan lantzen ari garen helburuekin, eta datozen urteetan lanean jarraituko dugu. Gainera, bereziki sentiberak gara Gipuzkoako barnealdean egiten diren proiektuekin, lurraldearen barruan mugikortasuna sustatzen baitute.”

Bere aldetik, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak nabarmendu du Debagoienak balio natural “ikaragarria” duela eta “gure mendi ibilbide sareak gure ondare naturalaz gozatzeko aukera ezinhobea eskaintzen digu. Udalok eta gainerako erakundeek bide sare hori babestu, bultzatu eta zaintzeko pausuak ematen dihardugu. Baita sustapena egin ere: Puntaik-Punta jaialdia da horren adibide: ibilaldiak, ikastaroak, kontzertuak… Programa oso bat herritarrak gure mendietara gerturatu eta inplikatzeko. Aurtengoan Arrasate izango da jaialdiaren erdigune eta eskualdeko herritar guztiak berau ezagutu eta gozatzera gonbidatzen ditugu, merezi du eta”.

Puntaik Punta 2022, ekintza programa aberatsa

Jarduera programa aberatsa antolatu du Debagoieneko Mankomunitateak jaialdiaren 6. ediziorako. Gainera, bertako produktuen otar bat zozketatuko da Puntaik Puntako jardueren argazkiak Instagramen #puntaikpunta22 traola erabiliz eta @turismo_debagoiena aipatuz partekatzen dituzten pertsonen artean.

Urriak 14:

  1. 17:00 Ipuin kontaketa musikatua. Kontukabiren eskutik: “Txirula magikoa” (haurrentzat), Biteri plazan.
  2. 18:30  Mendifilm Festibaleko hiru proiekzio, Kulturaten:

1.- Action Directe, 16'
2.- Jötunn, 25'
3.- La Pantalla Andina, 49'

  1. 20:00  Izarren Behaketa, Aranzadi Zientzia Elkartearekin Bedoña elizatean. Lainotuta badago, planisferioa aurkeztuko da Kulturaten. Eman izena.

Urriak 15:

  1. 09:00  Mendi igoera gidatua: Udalatx mendia (12 urtetik gorakoentzat) Izena eman behar da.
  2. 09:30  Erreka garbiketa. “Debagoienean errekak bizi auzolanean”. Hitzordua Biteri plazan eta San Isidron (Musakola). .
  3. 09:30  Mendi ibilbide gidatua: Urkulu-Santikrutz-Andarto-Degurixa. Izena eman behar da.
  4. 10:00  Nordic walking: hastapen ikastaroa Biteri plazan eta ibilbidea herrian zehar. Eman izena.
  5. 10:00  Ibilaldi gidatua: Deba ibaiaren biodibertsitatea aztertzen. Arrasatetik Elorregira; hasiera Biteri plazan. Eman izena.
  6. 11:00  Hitzaldia Kulturaten: “Oñati turismo jasangarria; Arrikrutz-Oñatiko kobaren eredua”
  7. 12:00  Erraldoi eta kilikien konpartsa eta Arrasateko gaiteroak, herriko kaleetan.
  8. 13:00  Kontzertua, Mikel Zamora bere bandarekin, Biteri plazan.
  9. 16:30  Orientazio proba-lasterketa, sariarekin (14 urtetik gorakoentzat), Monterron parkean. Izena eman behar da.
  10. 17:00  Baso bainua Santa Barbara parkean; irteera Biteri plazan. Izena eman behar da.
  11. 18:00   Sambamaña batukada taldearen kalejira.
  12. 19:00   Kontzertua: Klak!son taldea, Biteri plazan.
  13. 20:30   Kontzertua: NHIL taldea, Biteri plazan.

Urriak 16

  1. 11:00  Trikitixa eskolako taldearen kalejira
  2. 12:30  Herrixa dantzan dantzaldia, bailarako arrabitariekin. Musika zuzenean Biteri plazan, arrabitari taldearekin. Dantza gidaria: Patxi Montero.
  3. 9:00   Mendi ibilbide gidatua: Garagartza-Udala-Besaide-Tellamendi-Garagartza. Eman izena.
  4. 9:30    Mendi ibilbide gidatua Sasoibiderekin, Bedoña elizateko Andra Mari Zurira. Eman izena.
  5. 10:00  Mendi ibilbide gidatua: Murugain, dragoiaren bidetik. Eman izena.
  6. 10:00  Bizikletan ibilbide gidatua: Vasco-Navarro bide berdetik. Eskoriatzatik Arrasatera. Eman izena.
  7. 10:30  Espeleoarrikrutz, Arrikrutz-Oñatiko koban. Eman izena.
  8. 12:00  Bisita gidatua Gatz museora. Goiza Hiruerreketako ibilbidearekin osatzeko proposamena: Deba ibaiaren sorrera eta Leintz Gatzagako inguruak ezagutu. (Gaztelaniaz bisita 13:00etan izango da).
  9. 16:30  Bisita geologikoa: “Arrasate harri bitxia”, erdigunean. Eman izena.
  10. 18:00  Kale antzerkia, Hortzmugaren eskutik; “Jule”. Biteri plazan.

 

Hiru gune nagusi

Arrasateko hiru gune nagusitan egingo da jaialdia, hona hemen gune bakoitzaren ordutegia:

  • Biteri plaza: natura-turismo azoka eta Debagoieneko artisauen azoka:

Zapatuan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00

Domekan: 11:00-14:30

  • Zaldibar: Abentura jolasak umeentzat

Zapatuan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00

Domekan: 11:00-14:30

  • Seber Altube plaza: zapatuan: 9:00-14:00, bertako produktuen azoka

Jaialdiaren inguruko informazio guztia puntaikpunta.eus webgunean kontsultatu daiteke eta bertan edo 747 41 75 85 telefonoan eman behar da izena ekintza jakin batzuetan parte hartzeko.

Gatz Eguna, urriaren 23an 

Urriaren 23an izango da aurten, seigarren aldiz, Leintz Gatzagan, Gatz Eguna.

Beñat Agirreurreta, Leintz Gatzagako kultur zinegotziak adierazi duenez, “herritik 250 metrora Dorletako gaztelu zaharraren zaindaritzapena dagoen iturburu gaziari esker, gaur egungo hiribildua sortu eta ordundik gatz jarduerari eta gatz kulturari lotutako herria da Leintz Gatzaga. Dorletako Gatza ekoiztu eta merkaturatzearekin batera, Gatz eguna antolatzen da, Debagoiena Gastronomika ekimenaren barnean, gatz kulturaren zabalkunderako”.

Egitarau zabala antolatu da bertaratzen diren guztientzako: gastronomia, mendi ibilaldiak, azoka ekologikoa… Aitor Larrañaga, Leintz Gatzagako garapenerako eta turismo alorreko teknikariak azaldu du egitaraua:

“Leintz Gatzagan gatz kulturak eman digun paisaia eta bioaniztasuna ezagutzeko Baso Gazia, Baso Bizia mendi ibilbide gidatuarekin hasiko da eguna goizeko 10:00etan eta ordu berean, Leintz Gatzagako pagadiak ezagutzeko ibilbide gidatua izango da. Baso Bainuak eskainiko dira Leintz Gatzagako naturgunean eta naturan bost zentzumenekin murgiltzeko ibilaldi lasaia egiteko aukera izango da goizeko 11:00etan. Horrez gain, herriko frontoian 11:00etatik aurrera produktu ekologikoen azoka izango da, Gipuzkoako eta inguruko 15 ekoizle ekologikoek parte hartuko dute. Azokako produktuak oinarri moduan hartuta Ortutik Ahora Elkarteak sukaldaritza tailerra eskainiko du eta, baita dastatzea ere, egindako produktuekin. Gainera, plazan garai batean lixiba egitearen erakustaldia izango da eta baita ere, haurrentzako zurezko plaza jokoak”.