Urtarrilaren 12an hasiko dira Portaloiko arkua eraberritzeko obrak, “behin gabonak pasatuta”
2025/11/21
Arrasateko Udalak esleitu ditu, dagoeneko, Portaloiko arkua eraberritzeko lanak, eta hauek 2026ko urtarrilaren 12an hasiko dira, behin gabonetako jai egunak igarota.
“Portaloiaren arkua eraberritzeko aldamioak jarri beharko dira, eta horren ondorioz kotxeen joan-etorriak mugatuak izango dira. Gabon garaiak gertu izanda, ez dugu aproposa ikusi lanak orain egitea, horregatik, jai egunak igarota hasiko ditugu lanak” azaldu du Maider Morras alkateak.
Portaloiko arkuak, 2022ko abuztuan izan zuen harri-jausi bat, baina orduan burutu zen azterketaren arabera, egiturak ez zuen arrikurik. Ordea, ondarea zikina zegoela eta kontsolidazio lanak behar zituela gomendatu zen. Hori horrela, gobernuak lanak aurten egiteko asmoa agertu zuen, eta lanok bideratuta utzi dituela jakinarazi dute.
Mantenu eta egonkortze lanak
Burutuko diren lanen helburua arkuaren erabateko eraberritzea eta babes tratamendu berezia ematea izango da nagusiki, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare historikoa eraberritzeko irizpideei jarraituz. Honako lan hauek burutuko dira nagusiki:
- Harriaren saneamendua eta garbiketa
- Eskuzko garbiketak burutuko dira atean dauden hondakinak, mortero zaharrak, oxidoak eta zikinkeria kentzeko.
- Tratamendu biocida: mikroorganismoak, goroldioak, likenak eta algak ezabatzeko.
- Garbiketa mekanikoa: presio baxuko proiekzio bidez, harrian kalterik egin gabe.
- Harlanduen zaharberritzea
- Aurretik egin izan diren konponketa desegokiak kenduko dira.
- Zati degradatuen berreraiketa mortero bereziarekin, jatorrizko testurara egokituta.
- Junta guztiak berriz ireki eta betetzea, harriaren kolore eta akabera zainduta.
- Gainazal hondatuen birrantolaketa puntuala.
- Estaldura mineral mehea aplikatzea, multzoan integratzeko.
- Babes tratamenduak
- Biocida osagarria eta babes hidrofugoa aplikatzea.
- Antipintaden tratamendua gehienez 2,5 m-ra, harriaren itxura errespetatuz.
- Eraikinen arteko loturaren konponketa
- Portailoiaren eta ondoko eraikinaren arteko juntaren birkonponketa.
- Ur-jario egokia bermatzea eta, beharrezkoa bada, zinkezko babes osagarria jartzea.
2 hilabetetako eraberritze lanak
Eraberritze eta egonkortze lanek bi hilabetetako iraupena izango dute, beraz, obrak martxora arte luzatuko direla aurreikusten du Udalak. Lanak iraun bitartean aldamioak jarriko dira arkuan, eta, ondorioz, momentu puntualetan trafikoa moztu beharko da. “Eragozpen horiei irtenbide alternatibo bat bilatuko zaie lanak iraun bitartean”, azaldu dute.
Lanak 36.111,78 euroko (BEZ barne) inbertsioa suposatuko du Udalarentzat, eta HARRI Construcciones y mampostería SL enpresak burutuko ditu.
Babes bereziko ondarea
Arrasateko Portaloia babes bereziko ondare elementua da, 26/1997 Dekretuan jasotzen denez, Arrasateko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapena duen eremuan kokatuta dagoelako. Horrek esan nahi du obrak lege eta araudi espezifikoak zorrotz errespetatuz egin behar direla.
Halaber, 6/2019 Legeak ezartzen duenez, babes berezia duten kultura-ondasunetan esku hartzeko araubidea berezia da, eta aplikatu beharrekoak dira 36. artikulua (ondare mota honen araubidea), 38. artikulua (interbentzio irizpide bereziak) eta 46. artikulua (hirigintza-lizentzia aurretik beharrezko baimenak).
Horrenbestez, Portaloiko lan guztiak kontrol eta baldintza tekniko zorrotzen barruan gauzatuko dira, ondarearen integritatea eta balio historikoa bermatzeko.