Urtarrilaren 21ean Arrasateko Zuhaitz Egunaren X. edizioa ospatuko da, ohiko zuhaitz azokarekin eta Etxezarretan 400 haritzen landaketarekin

2023/01/11
Landaketan parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman behar dute izena 943 25 20 05 telefonoan.

Arrasatek urtarrilaren 21ean ospatuko du X. Zuhaitz Eguna. Arrasateko Udalak antolatuta, aurten, ohi bezala, zuhaitz azoka eta zuhaitz landaketa egingo dira. Zuhaitz Egunak izaera sinbolikoa duen arren, Arrasateko Udalak ekimenaren garrantzia azpimarratzen du: “horrelako ekimenek ingurumenaren alde sustatzen duten kontzientziazioak etorkizuna erabaki dezake. Familia-jarduera ezin hobea da txikienei gure ingurune naturalaren eta tokiko espezieen garrantzia irakasteko. Zuhaitz-azalerak handitzea eta natura babestea eta kontserbatzea da orain gure eginbeharra, baina etorkizunean haien esku egongo da” Pello Garai Udaleko ingurumen-teknikariak nabarmendu duenez.

Bost mintegik hartuko dute parte azokan

Aurtengoa zuhaitzaren azokaren hamargarren edizioa izango da eta, ohi bezala, mintegiek Seber Altube plazan jarriko dituzte postuak 08:00etatik 14:00etara. Hauek dira aurten parte hartuko duten bost haztegiak: Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Etxeberria (Gatika), Lurberry (Zarautz) eta Ekoudalatx (Arrasate). Bertaratzen direnek fruta-arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak eta lorategikoak, basoko fruitu txikiak eta fruitu ekologikoak erosi ahal izango dituzte; gainera, bi zuhaitz-sorta zozketatuko dira erosleen artean. Azoka Arrasateko baserriko produktuen azokarekin batera izango da.

400 zuhaitz inguru landatuko dira Etxezarretan 

Zuhaitz landaketa izan ohi da Zuhaitz Eguneko ekitaldi nagusia. Aurtengo landaketa, hirugarren aldiz jarraian, Etxezarreta parkean egingo da. 2,2 hektareako azaleran, 400 haritz inguru landatuko dira. Goizeko 10:00etan hasiko da eta parte-hartzaileak Musakolako San Isidro elizatik abiatuko dira. Landaketa eguna amaitzean lunch txiki bat egongo da.

Parte hartu nahi duten herritarrek 943 25 20 05 telefonoan eman behar dute izena. Gomazko katiuskak eramatea gomendatzen da.

Ehunka lizar, gaztainondo, haritz landatu dira herrian Zuhaitz Egunari esker

Zuhaitz Egunaren 10 edizioei esker, ehunka lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu ahal izan dira Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio, Hidalgobaso eta Antoniñako udal lurretan. 2021ean eta 2022an bezala, aurten Etxezarreta parkean egingo da landaketa. Udalak 2019an erosi zuen parkea: 83 hektareako lursaila; horietatik 63 pinudiak izan ziren, eta gainerako 20ak zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak. Parkea Izarraitz, Aizkorri-Aratz eta Urkiolako korridore ekologikoan dago, eta garrantzi handikoa da biodibertsitatearen ikuspegitik. Horrela, Udalak parkeko ingurune naturala eta biodibertsitatea berreskuratzeko azterlan bat enkargatu du. Kudeaketa-plana ikerketaren emaitzak markatuko duen arren, dagoeneko aurreikusi da harizti kantauriarrak hartzen duen azalera handitzeko beharra. Horrela, iazko Zuhaitz Egunean egin zen bezala, aurten ere haritzak landatuko dira. Eremua aldez aurretik prestatzea ezinbestekoa izango da: moztutako pinuen adarrak biltzea, sasiak berez sortutako hostozabalak errespetatuz moztea eta landare inbaditzaileak (akaziak) moztea.