Uztailaren 18an Txakolin Eguna antolatu da Arrasaten, baserritarren azoka bereziaren baitan

2020/07/15
Uztailaren 18an Txakolin Eguna antolatu da Arrasaten, baserriko produktuen azoka bereziarekin batera. Txakolina dastatzeko eta erosteko aukera izango da eta pintxoak ere egongo dira.

Txakolin Eguna ospatuko da Arrasaten uztailaren 18an Baserritarren azoka bereziarekin batera. Debagoienako hiru txakolingileren produktua dastatu eta erosteko aukera egongo da: Otxia (Bedoña), Belaskua (Oñati) eta Murgialdai (Oñati).

11:00etatik aurrera, azokako produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera egongo da, baita gazta eta gildak ere. Azokako erosketa tikearekin doan izango dira pintxoak eta bestela euro batean salduko dira.

Azokako postuek, ekainean bezala, antolaketa berezia izango dute segurtasuna bermatzeko. Alde batera begira bakarrik egongo dira kokatuta eta postuen artean distantziak mantenduko dira. 16 postu egongo dira guztira eta denetariko produktuak egongo dira salgai: ogia, haragi ekologikoa eta gazta, egurrezko tresnak sukalderako, lautadaren promozioa, arrain kontserbak, euskal pastela eta artzai gazta, barazki ekologikoak, barazkiak eta gazta, ahate deribatuak, nekazal tresnak, mermelada ekologikoa, ardi gazta, eztia, deshidratatutako produktuak eta hazi garrapiñatuak, marrokiar erako pastak, ogia eta gozogintza, gailetak, bizkotxoak eta enpanadak etab.

Arrasateko baserriko produktuen azoka hilabetero egiten da, hileko hirugarren larunbatean Seber Altube Plazan, 9:00etatik 14:00etara.

Udalak azokara joatean maskara erabiltzea gomendatzen du eta pertsonen arteko distantziak errespetatzea derrigorrezkoa da.