Uztailaren 1ean zabalduko du Arrasateko Udalak Musakola kiroldegiko estali-gabeko igerilekua

2020/06/30
Card image cap
Covid-19a saihesteko sarrera-irteeren segurtasun-kontrola eramate aldera, neurri garrantzitsu izango da abonoa dutenek soilik egin ahal izango dutela erabilera. Ez da beraz, eguneko sarrerarik salduko.

Arrasateko Udalak uztailaren 1ean zabalduko du Musakola Kiroldegiko estali-gabeko igerilekua. Segurtasun baldintza oro betetzeko protokoloak aplikatu dira. “COVID 19ko egoerak behartzen gaitu kirol instalakuntzetan hainbat neurri hartzera, bai alde lehorrean eta baita hezean ere. Ekainaren 15ean zabaldu genituen hainbat zerbitzu eta jendearen jarrera txalotzekoa izan da. Higiene eta segurtasun neurri guztiak bermatzeko lanean dihardugu Udaletik, eta herritarrei bide horretan beren alea jartzen jarraitzeko eskatzen diegu. Arrasatearren segurtasuna bermatzea da premisa nagusia” adierazi dute ural ordezkariek.

Hori oinarri, Covid-19a saihesteko ezinbesteko den distantzia soziala eta higiene neurriak bermatze aldera, hiru erabilera-txanda egongo dira: 9:30tatik 10:30tara igeri egiteko 2 txanda izango dira; guztira 16 kale daude, eta beraz bi txanden artean 32 pertsonentzako tokia izango da. 11:00etatik 15:00etara aisialdirako lehenengo txanda izango da, 500 pertsona sartuko dira eta aurrez txanda hartu beharko da. 16:00tatik 20:30tara bigarren aisialdirako txanda izango da, eta lehenengoan bezala, 500 pertsona sartuko dira eta aurrez txanda hartu beharko da. 15:00tatik 16:00tara itxita egongo da igerilekua garbiketa egiteko.  

Txandak bi egunez behin hartzeko aukera egongo da: kirolaonline.arrasate.eus web orrian edo 943252030 telefonora deituz erreserba daitezke

Aldagelak, takilak eta kioskoa ez dira erabilgarri egongo eta pertsonen arteko segurtasun neurriak bete beharko dira uneoro. Gune berdean ezingo da korrikan, baloian, pilotan, paletan, ur-puxiketan edo antzeko jolasetan aritu eta 2006 urtetik aurrera jaiotakoak heldu batekin sartu beharko dira instalazioetara. Txapoteo igerilekuaren erabilera 6 urtetik beherako umeentzako mugatuko da, eta ez da gomendatzen haurren aulkiak instalaziora sartzea.

Hala, Covid-19a saihesteko sarrera-irteeren segurtasun-kontrola eramate aldera, neurri garrantzitsu izango da abonoa dutenek soilik egin ahal izango dutela erabilera. Herritarrei igerilekuaren zein kiroldegiaren erabilera errazte aldera, abonu mota ezberdinak daude aukeran: urteko abonu lehorra, urteko abonu plusa edota hileko abonua dutenak. Udako abonua ere jarri da abian. Ez da beraz, eguneko sarrerarik salduko.

Abonuak egiteko aukera zabalik dago, bai udako abonua igerilekurako, eta baita hileko abonua, bai igerileku, bai gune lehorrerako. Aukera hau uda guztian zehar egongo da abian:

Udako Abonua:

  • -18 urte: 41.70€ uda guztirako
  • +18 urte: 70.10€ uda guztirako
  • Familiarra: 112€ uda guztirako

Hileko Abonua:

  • -18 urte: 12.10€ hileko
  • +18 urte: 20.20€ hileko
  • Familiarra: 32.20€ hileko

 

Muskulazio gimnasioa ere zabalik uztailaren 1etik aurrera

Muskulazioko gimnasioa ere irekiko da uztailaren 1tik aurrera, pesak eta mankuernak izan ezik. Orduko 3 pertsonek hartu ahal izango dute txanda, goizeko 9tatik 15:00tara, eta 16:00tatik 21:00tara. 15:00tatik 16:00tara itxi egingo da bai igerilekua bai bi gimnasioak desinfekzio lanak egiteko.

 

Ekainaren 15ean zabaldu ziren  padel kantxa eta kardioko gimnasioa

Tenis eta padel kantxetan bi pertsonak bakarrik jokatu ahal izango dute batera eta gehienez ordubeteko partidak izango dira.

Kardioko gimnasioan txandak desagertuko dira, nahi duenean etorri ahalko da erabiltzailea, eta makina bat baino gehiago erabili izan ahalko dute, beti ere erabili eta gero garbituz. Kiroldegira sartzean izena eman beharko dute.

Amaitzean derrigorrezkoa izango da 5-10 minutu hartzea erabilitako gailua desinfektatzeko.

Alde lehorreko instalazioetako neurriak ondokoak dira:

  • Bi metroko distantzia mantendu beharko da beste erabiltzaileekin
  • Ez da gomendagarria igogailua erabiltzea.
  • Aldagelak, takilak eta harrerako iturri eta janari makinak ez dira eskuragarri izango.