Wifi zerbitzu publikoa hobetu eta gehiago zabalduko du Arrasateko Udalak

2020/03/06
Card image cap
9 gune irekietan kokatzen dira eta beste bi gune publiko estalietan: Monterron parkea eta txoznagunea, Herriko plaza nagusia, Sebero Altube plaza, Garibai etorbidea, Biteri plaza, Euskara plaza, Arimazubi plaza, Kiroldegiko kanpoko igerilekua eta kiroldegiko skate parkea. Estaliak, kiroldegiko harrera gunea eta Mojategiko harmailak.

Wifi publikoaren zerbitzua hobetu eta zabalduko du Arrasateko Udalak. 2017an proiektu pilotu eran Arimazubi plazan eta Garibai eta Maisu Arano kaleetan jarri ziren lehen puntuak; 2019an sare hori sei puntutara zabaldu zen, Arimazubi plaza, Arizmendiarrieta plaza, Biteri plaza, Euskara plaza, Makatzenako jolas parketa eta Musakola Kiroldegira gehituz.

Orain, zerbitzuak izan dituen datu onen ondotik, 5 gune berritan kokatuko da Wifi sare publikoa eta egungo 6 puntutan hobetu. 11 puntu horietatik 9 gune irekietan kokatzen dira eta beste bi gune publiko estalietan. Hauek dira gune irekiak: Monterron parkea eta txoznagunea, Herriko plaza nagusia, Sebero Altube plaza, Garibai etorbidea, Biteri plaza, Euskara plaza, Arimazubi plaza, Kiroldegiko kanpoko igerilekua eta kiroldegiko skate parkea. Hauek dira estalian dauden bi guneak: kiroldegiko harrera gunea eta Mojategiko harmailak.

Puntu berriak Monterron parkea, Udaleko plaza, Sebero Altube Plaza, Kiroldegiko Skate parkea eta Mojategiko harmailak dira.

Hainbat gunetan, orain dagoen Wifi konexio publikoa (1 Megako abiadura gehienez) ordeztu egingo da sistema berriarekin (30 megako abiadura gutxienez). Leku hauek honakoak dira: Garibai etorbidea, Biteri plaza, Euskara plaza, Arimazubi plaza eta kiroldegiko sarrera eta kanpoko igerilekua. Antena bakoitzak 500 konexio batera kudeatzeko gaitasuna du.

Proiektua garatzeko Udalak diru-laguntza jaso du Europatik WIFI4EU erakundetik: 15.000 euroko balioa du, BEZa barne. Bertan inbertsioak (antenen erosketa batez ere) eta instalazioa sartzen dira. Mantenu gastuen kargu Udala egingo da, interneteko konexioa eta sistemaren mantenua eta kudeaketa alegia.

Anuska Ezkurra zinegotziak nabarmendu duenez  Udalak herritar ororen sarerako konexioa bermatzea du jomuga: “ekimenaren helburua da herri osoan kalitate handiko Interneterako sarbidea ematea egoiliarrei eta bisitariei, espazio publikoetan (parkeak, plazak, administrazio-eraikinak, liburutegiak eta osasun-zentroak) dauden doako WiFi sarbide-puntuen bidez. Guztiok batera egin behar dugu aurrera eta zerbitzu publikoen unibertsaltasuna bermatu. Inor atzean geratu gabe. Wifi publikoa ere bada pausu bat gehiago”.

Emailaren bidez, era errazean

Zerbitzu hau erabiltzeko, email kontua besterik ez da behar. Sarera konektatu eta bertan erregistratu beharko du, izen-abizenak, eta email kontua jarriz. Sistemak, mezu baten bidez, link bat bidaltzen du erregistroa guztiz burutzeko. Momentu honetatik aurrera, erabiltzaileak gune publiko horietan zerbitzu hau erabiltzeko aukera askea izango du, mugikorrak edo tabletak duen WIFIaren ikurrari klik egitearekin batera.