XXII. Udaberriko Musikaldia ospatuko du Arrasatek maiatzaren 6tik 31ra

2026/04/22
Card image cap
Bi lokalizazio berri izango ditu aurten Musikaldiak: Bedoña auzoko Santa Eulalia parrokia eta San Joan Batailatzailearen parrokia. Edizio honetan ere Euskal Herriko musikariez gain, nazioarteko artistak ere izango ditugu gurean.

Maiatzaren 6tik 31ra Arrasatek XXII. Udaberriko Musikaldia ospatuko du. Urteak igaro ahala, musikazaleentzat erreferentziazko hitzordu bihurtu da. Hasieran musika klasikoa nagusi bazen ere, urteen poderioz egokitu egin da, mota eta estilo askotako ekitaldiekin.

Arrasatearrek zein bisitariek 6 hitzordu izango dituzte aukeran maiatzaren 31ra arte. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira Juan Arzamendi Musika Etxearen auditorioan, Amaia Udal Antzokian, Bedoñako Santa Eulalia parrokian eta San Joan Batailatzailearen parrokian. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Bi espazio berri: Bedoñako Santa Eulalia eta San Joan Batailatzailea parrokiak

Aurtengo edizioaren berrikuntza nabarmenena bi gune berriren konkista izan da. Emanaldietako bat Bedoña auzoko Santa Eulalia parrokian ospatuko da. Kalakan & Berçaits anaiek aurkeztuko dute bertan hilaren 17an “Ahotsez” proposamena.

Bestetik, Ganbara Abesbatzak San Joan Batailatzailearen parrokian eskainiko du “VOX ARCANA: ahots misteriotsua” izena daraman kantaldia. 

Arrasateko XXI. Udaberriko Musikaldiko egitaraua

  • Maiatzaren 6an | 19:30 | Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriuma: Vlad Câmpean (Biolontxeloa) eta Vasco Dantas (Pianoa)

Vlad Câmpean biolontxelo-jotzaile errumaniarrak bere musika-ikasketak Cluj-Napocan hasi zituen, bere aita Ciprian Câmpeanen gidaritzapean. Gero, Răzvan Sumarekin jarraitu zuen Bukaresteko Musika Unibertsitate Nazionalean, eta ondoren Raphaël Pidoux eta Edgar Moreau izan zituen irakasle, haiekin graduatu eta gaur egun Parisko Musika eta Dantza Kontserbatorio Goreneko masterra egiten ari da. Bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu: DEVA Nazioarteko Festibaleko Gran Saria (2016), Cluj-Napocako J.S. Bach Festibalekoa (2017), Aradeko Olinpiada Nazionaleko Lehen Saria (2017), Alexandru Moroșanu Nazioarteko Lehiaketako Gran Saria (2019) eta Paul Constantinescu Lehiaketako Lehen Saria (2021). Bakarlari gisa Transylvaniako Estatu Filarmonikoarekin eta NGOP Orchestrarekin aritu da, Popper, Dimitrescu, Saint-Saëns eta Haydinen lanak interpretatuz. Ganbera-musikan ere aktiboa da, Parisko Errumaniako Enbaxadan eta Cortot, Philharmonie de Paris eta Radio France bezalako aretoetan aritu delarik. SoNoRo Interferențe eta MOL programetako beka jaso du. 2025ean WeAreClassics Elkartea sortu zuen, Errumaniako musika klasikoaren sustapena eta ekoizpena bultzatzeko.

Vasco Dantas, 1992an Oporton jaioa, London Royal College of Music-en 1st Class Distinction lortu zuen, Dmitri Alexeev eta Niel Immelmanekin pianoa eta Peter Stark eta Natalia Luis-Bassarekin zuzendaritza ikasiz. Ondoren, Interpretazioko Masterra kalifikazio gorenez eta Konzertexamen doktoretza Münstergo Unibertsitatean amaitu zituen. Algarve Music Series, Sezim Music Series eta Piano Concerto Festival jaialdien zuzendari artistikoa da. Nazioarteko 50 sari baino gehiago irabazi ditu, besteak beste GianClaudio Chiais Prize, Valletta Competition-eko Grand Prix, SAR Lalla Meryem lehiaketako Prix Spécial eta lehen sariak Porto Santa Cecília, Estoril, Ría de Vigo, Alto Minho, Fundão eta Florinda Santos lehiaketetan. Théatre des Champs-Élysées, Carnegie Hall eta Moskuko Txaikovski Kontserbatorioko areto nagusian aritu da, baita Asian eta Amerikan ere, Gulbenkian, Clássica da Madeira, Clássica do Sul, Filarmónica Portuguesa eta Sinfónica Portuguesa orkestra ospetsuekin, Dinis Sousa, Günter Neuhold, Misha Rachlevsky eta Vassily Sinaisky bezalako zuzendari handiekin lan eginez.

  • Maiatzaren 9an | 19:30 | Amaia udal antzokia: Arrasate Musikaleko Orkestra eta Goikobalu abesbatza

Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoa 1975ean sortu zuen Juan Arzamendi Enparantzak, “Arrasate Musikal” orduko akademiako zuzendari eta fundatzaileak. Arrasate Musikaleko oraingo Orkestra Sinfonikoa eskolako ikasleek, irakasleek eta ikasle ohiek osatzen dute. Zuzendaria Iker Olazabal da.

Goikobalu Abesbatza-Coro de Mondragón betidanik Arrasate-Mondragonen egon den musika koralarekiko (Parrokiko Abesbatza, Zartzuelen emanaldiak, Danok Abesbatza) ilusio eta zaletasunaren fruitua da. 1996an Iñaki Maidagan-ek bere gain hartu zuen Abesbatzaren zuzendaritza.

  • Maiatzaren 17an | 19:30 | Bedoñako eliza: “Ahotsez” - Kalakan & Berçaits anaiak

Kalakan taldea Berçaits anaiekin batu da euskal kantu herrikoiean bete betean murgiltzen den proposamen hau plazaratzeko, Ahotsez. Ahotsaren bibrazioen bitartez tradizioen arimara bidaia mistikoa egitea proposatuko digute, arbasoengandik jasotako kulturarekiko maitasun adierazpen gisa. KALAKANek BERÇAITS Anaiak-ekin duen proiektu berria kantuari oro har eta euskal kantugintzari bereziki, maitasun adierazpena da. Kalakan dela, munduan zehar 15 urteko ibilbide profesionalarekin, edo Berçaits Anaiak, betiko abeslari “afizionatuak”, denak “etxe” beretik datoz. AHOTSEZ proiektuarekin, 4 artistek familiako mahai handien inguruan entzun, ikasi eta kantatzen duten kantuekiko maitasun hori partekatzen dute gurekin. Elkarrekin, musikak identitatearen eta memoria kolektiboaren ibilgailu gisa duen indarra goraipatzen dute, belaunaldiak batuz kantu horien oihartzunen bidez. AHOTSEZek euskal kulturaren ariman bidaia musikal mistiko bat partekatzera gonbidatzen gaitu; euskal historian eta ohituretan murgiltzea, non abesten den nota bakoitzak eta jotzen den instrumentu bakoitzak antzinako kultura honen sustrai sakonei eta gaur arte zuhaitz sakratua bizirik mantenduz zaindu duten guztiei omenaldi gisa ematen dien oihartzuna.

  • Maiatzaren 23an | 19:30 | Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriuma: Habia

Soka eta ahots laukotea, tradiziotik kreaziora. Habiak diska berria aurkezten du eta era batera ikerketa berri bat martxan jartzen du. Poesia garaikidean oinarritzen da, gaurko hizkuntza librean, paisaietan, kliman. Lehen errepertorioa irauli nahi du eta sorkuntza berri bati ekin.

  • Maiatzaren 24an | 19:30 | San Joan Batailatzailearen parrokia: Ganbara abesbatza

Giza ahotsa da lehen instrumentua, zaharrena eta, agian, misteriotsuena. Horrekin emozioak adierazten ditugu, sakratua dena aipatzen dugu, istorioak kontatzen ditugu eta komunitate gisa elkartzen gaituzten lotura ikusezinak ehuntzen ditugu. “VOX ARCANA: ahots misteriotsua” izenburupean, Ganbara Abesbatzak mendeetan zehar soinu-bidaia bat egitera gonbidatzen gaitu, kantu koralean bizi diren magia eta espiritualtasuna aztertuz. Programak paisaia musikal zabala zeharkatzen du, Byrd, Purcell eta Schützen solemnitatetik hasi eta Bruckner, Casals eta Mendelssohnen intentsitate adierazkorreraino. Haren ondoan, Arvo Pärt, Ola Gjeilo, Javier Busto, Kentaro Sato edo Xabier Sarasola konpositore garaikideek gogorarazten digute ahotsa gaur egun ere misteriozko eta emoziozko tresna dela. Lan bakoitza unibertso ezberdin baterako leihoa da: otoitzak, kontenplazioak, ospakizunak eta amodiozko xuxurlak. Kontzertu hau arimarekin entzuteko gonbitea da, musika koralaren indar eraldatzailea deskubritzeko eta ahotsaren enigma eternalak inguratzen uzteko.

  • Maiatzaren 31n | 19:30 | Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriuma: Susurros Sinfónicos

Susurros Sinfónicos Natalia Sánchez txirula jotzaileak, Claudia Besnè harpa jotzaileak eta Carmen Santamaría pianoa jotzaileak osatutako musika taldea da. Txirula, harpa eta orkestrarako Do Maiorreko kontzertua formatu txikian interpretatzeko gonbidapenaren ondorioz sortu zen prestakuntza. Proiektu horri esker, gure lotura artistikoa eta musikala sendotu ahal izan genuen, hari argi batekin: musika sinfonikoa orkestra sinfoniko batek lekurik ez duen guneetara hurbiltzea. Hiru kideek, sektorean berdintasuna lortzeko interes komuna dutenez, aldez aurretik elkar ezagutzen dute Emakume Artista eta Sortzaileen Sarearen (ESA) bidez, eta horrek aniztasunarekiko eta arteen inklusioarekiko konpromisoa indartu du. Helburua errepertorio klasikoa eta garaikidea aztertzea eta zabaltzea da, aurkezpen bakoitzean lankidetza eta berrikuntza sustatuz, errepertorioko egokitzapen propioekin. Musikarako eta sormenerako grina komunarekin, publikoarekin emozionalki konektatzen duten eta balio artistiko esanguratsua ematen duten interpretazioak eskaini nahi dituzte.