Zabalik dira Arrasateko ur parkeak
2026/06/03
Arrasateko ur-parkeak martxan dira joan den astelehenetik. Instalazioak ireki aurretik, Udalak garbiketa sakona eta uraren kalitatearen analisiak egin ditu azken asteetan, "osasun eta kalitate kontrol guztiak bermatu daitezen".
Ur-kontsumo handia eta jasangarritasuna
Ur-parkeek ura berrerabiltzeko sistema zentralizatua duten arren, ur-kontsumoa "etengabekoa" dela azaldu du Udalak. Azken hiru urteetako datuek erakusten dute baliabide honen erabilera handia: 2025ean 1.896 m³ kontsumitu ziren, 2024an 1.863 m³ eta 2023an 2.919 m³. Ur-kantitate hori Musakolako kanpoko igerileku olinpikoa osorik betetzeko behar denaren parekoa da, edo igerileku ertaina 11 aldiz betetzeko adina.
Garbitasuna eta herritarren ardura
Udalak "ur parkeak zaindu eta arduraz jokatzeko" deia egin die erabiltzaile guztiei. Ur-kalitatearen kontrolak egingo diren arren, instalazioak garbi mantentzea guztion ardura da, zikinkeria pilatzeak bakterio berriak agertzea ekar dezakeelako eta horrek parkea denbora batez ixtea eragin dezakeelako. Ildo horretatik, Udalak gogorarazi du pasa den urtean astebetez itxi behar izan zela ur-parkea arrazoi horregatik. Erabilera egokia eginez gero, horrelako itxierak ekiditeko aukera gehiago egongo dira.
Musakolako kanpoko igerilekuak
Ur-parkeen irekierarekin batera, Musakolako kanpoko igerilekuen prestaketa lanak aurrera jarraitzen dute. Gune hauen udako denboraldia ekainaren 12tik irailaren 13ra artekoa izango da, eta dagoeneko posible da udako abonuak erostea Musakolako kiroldegiko harreran.