Zalduspeko autobus geltokia eta herribusaren 3. linea hibrido berria abian astelehenetik aurrera, uztailak 19.

2021/07/15
Card image cap
Zalduspeko behin-behineko geltoki berriak tokia du aldi berean 6 autobus hartzeko, eta 3 markesinez osatua dago. Darsena sistema izango du.

Astelehen honetan, uztailak 19, udalak beste pauso bat emango du Arrasate berdeago eta jasangarriago bat eraikitzearen alde: abian jarriko da Zalduspeko autobus geltoki berria eta, haren eskutik, herribusaren 3. linea azkarra, autobus hibrido batez.

Udalaren iritziz, Arrasateko mugikortasuna asko hobetuko da, “herrigunean autobusen joan-etorria mugatuko da, eta herritarrei aukera emango zaie modu erosoan eta azkarrean zerbitzu publiko eta jasangarri batean mugitzeko. Kontuan izan behar dugu autobus geltokia eta 3. linea herri ekologikoago bat eraikitzeko plangintza estrategikoan kokatzen direla, Ekobulebarraren eraberritzearekin batera; beste pauso bat herritarrei herri atseginago, erosoago, irisgarriago eta jasangarriago bat eskaintzeko”, berretsi dute udal ordezkariek.

Zalduspeko geltoki berria

Zalduspeko geltokia astelehenean hasiko da, uztailaren 19an. Tokia du aldi berean 6 autobus hartzeko, eta 3 markesinez osatua dago. Darsena sistema izango du (autobusek sartu-irteera eremu berean egingo dute). Geltoki berria behin-behinekoa izango da.

Ibilbide luzeko autobus guztiak bertan geldituko dira: Donostia, Gasteiz (zuzenekoa), Bilbo eta Loiukoa, besteak beste. Gainerako linea guztiek geldialdi bat egingo dute bertan. Zehazki, linea hauek geldituko dira:

  • DG01: Arrasate – Bilbo (autopistatik)
  • DG02: Bilbo - Arrasate
  • DG05A: Eibar – Arrasate – Gasteiz (autopistatik)
  • DG05D: Eibar – Arrasate – Gasteiz (urtegitik)
  • DG07: Arrasate – Donostia
  • DG56B: Arrasate – Loiuko aireportua
  • Bizkaibus autobusa, Bilbora doana
  • DG40G: gaueko zerbitzua. Eibar – Eskoriatza
  • DG41G: gaueko zerbitzua. Oñati – Leintz Gatzaga

OHARRA: eskualdeko autobusek geltokia Nafarroa etorbidean izango dute, Roneo atzealdean.

Zalduspeko autobus geltokia eraikitzeko, udalak industrialdeko eraikin bi eraitsi ditu (Transporte Aranburu eta Etormobil zirenak), eta leku horretan aparkalekuak ezarri ditu, autobus geltokia hartzen duen eremukoak. Autobus geltoki bat eraiki bada ere, lehendik zeuden aparkaleku guztiei eutsi zaie.

15 minutuan behin, 3. lineako autobus anezka

3. linea azkarrak 15 minutuan behingo maiztasuna izango du, eta zuzenean lotuko ditu beheko aldetik Arruena (Eroskiko geltokitik), Arimazubi eta San Andres, eta mugi txartelaz, autobus aldaketak doakoak izango dira.

Ibilbidea eta geltokiak izango dira: Eroski, Gipuzkoa etorbidea, Maalako errotonda, Otalora Lizentziaduna, Muzibarko errotonda, Zarugalde kalea, Udala plazako errotonda, Arrasate pasealekua (Arimazubi), Alfonso VIII. kalea, Dr. Bañez kalea, Maiatzak 1 kalea, Garibai etorbidea, Biteri kalea, Nafarroa etorbidea, Deba etorbidea, Gipuzkoa etorbidea eta Eroski.

Orduko zerbitzu bi aurreikusten dira: astelehenetik egubakoitzera: lehen irteera 7:35ean eta azkena 20:05ean. Zapatuan: lehen irteera 8:35ean eta azkena 14:00etan. Abuztuan ordutegi berezia izango da. Domeketan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik eskainiko.

1. eta 2. lineak bere horretan mantenduko dira: orduero zerbitzu bi.

3. linea hibridoa eta 1. eta 2. linea dualak, ingurumena gehiago errespetatzen dutenak

3. linea berria hibridoa izango da, gasolioaz eta elektrizitateaz hornituko da. Horrela, udalak % 50 murriztuko ditu CO2 isurketak, autobus arrunt batekin alderatuta.

Halaber, trantsizio energetikoa 1. eta 2. lineetan ezarriko  du: linea bi horietako autobus flotak gasolio eta gas sistema duala izango du, eta % 30 berotegi gas gutxiago isuriko du atmosferara, autobus arrunt batekin alderatuta.

Tarifa merkeagoak

Tarifei dagokienez, linea guztiak merkeagoak izango dira: bidaia arrunta pasatuko da 1,85 euroko prezioa izatetik 1,35 eurokoa izatera.

Horrez gain, MUGI sistemaren barruan mantentzen da, udalaren jomuga baita garraio publikoa bultzatzea eta arrasatearrei abantailak ekartzea: autobus aldaketa, bidaia kopuruak konpentsazioetan, tarifei dagokienez…

Tarifa berriak:

  • Mugi barik: 1,35 €
  • Mugi txartelaz: 0,92 €
  • 1-20 bidaia: 0,70 €
  • 21-50 bidaia: 0,57 €
  • +51 bidaia: 0,40 €

Udalak esku orri bat banatuko du Arrasateko etxe guztietan Zalduspeko geltokiaren berri emateko, 3 lineen ordutegi guztiak, tarifen xehetasunak, eta informazio praktiko ugari, hala nola Mugi txartela non birkargatu daitekeen.

Udalak gogora ekarri du erdiguneko geltokiak Nafarroa etorbidean egongo direla uztailaren 19tik aurrera.