Zapatuan eta domekan, bisita gidatuak Arrasaten

2019/10/16
Urriaren 19rako, zapatua, Ondarea plazara! bisita antolatu dute Udalak eta Arrasate Zientzia elkarteak. Urriaren 20an, 12:00etan, Kulturaten hasiko da bisita eta Itzuli Barik erakusketaren amaierako ekintza izango da

Irailean ekin zitzaien berriro apirilean abian jarritako ibilbide eta bisita gidatuei eta asteburu honetan bi bisita egiteko aukera izango da, bata zapatuan eta bestea domekan. Urriaren 19rako, zapatua, Ondarea plazara! bisita antolatu da. Aipatu bisita Zaldibarren hasiko da 11:00etan eta Ondarearen Europako  Jardunaldiak 2019 egitarauaren barruan antolatu du Udalak Arrasate Zientzia Elkartearekin elkarlanean eta ondorengo helburuekin:

 

  • Aisialdiari, kirolari eta jaiari lotutako gure ondareak duen garrantzia nabarmentzea
  • Jolasa eta jaia kulturen arteko zubi bezala erabiltzea
  • Ondarea babesteko kontzientzia areagotzea

 

Zaldibar frontoiaren inguruak historian zehar zerikusi handia izan du arrasatearren aisialdiarekin, esaterako, tren geltokirako ibilbidean dago. Elezaharrak dioenez, Arrasatek lur eremu hori eskuratu zuen Oñatiko kondeari Doke jokoan irabazita eta hori gogoratzeko ostiral Santuan urteetan jokatu izan da Zaldibarren Doke edo arran jokoan. Bisita gidatuan, inguru horretako eraikin nabarmenenak eta gertaera historikoak ezagutzeko aukera izango da, baita Dokera jokatzeko ere.

Bigarren bisita, urriaren 20an, domekan, 12:00etan, Kulturaten hasiko da eta Itzuli Barik erakusketaren amaierako ekintza izango da. Arrasaten itzulinguruka edukia eta edukitzailea lotuko ditu bisitak, hau da, Itzuli Barik erakusketa bere gertuko kontestuan irakurriko da. Kulturate aretotik eta eraikinetik hasi eta aurreko plaza eta bertan zegoen merkatuaren istorioak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, baita alde zaharreko kaleetan barna ibiltzeko eta antzinako harresiaren aztarnak ikusi eta herria beren gorputzekin neurtzeko aukera ere. Ibilbidea, Arrasateko historian aditua den Ana Isabel Ugaldek gidatuko du.

 

Bisita gidatuetan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da, plazak mugatuak baitira eta telefonoz edo posta elektroniko bidez egin daiteke, 943 25 20 20 deituta edota kultura@arrasate.eus helbidera idatzita.