Udalak lan batzuk abiatu ditu Zarugalde kalean espaloia irisgarriago egiteko

2021/01/20
Card image cap
Espaloi goratua eraitsi egingo da eta Zarugalde kaleko 40 eta 42 eraikinen ataria zero sestrara jaitsiko da.

Hasi dira Zarugalde kaleko 40 eta 42 atarien pareko lanak, espaloia eraitsi eta zero sestrara jaisteko, eremua irisgarriagoa izan dadin. Obrak 3 hilabete iraungo du eta eragina izango du Zarugalde kaleko 40 eta 42 atarietan, eta baita bertan dagoen lokalean ere. Udalak adostasun hitzarmen bat sinatu du bertako bizilagunekin lanen inguruan, interbentziorako haien oniritzia izateko.

Irisgarriagoa oinezkoentzat

Lan hauen bidez Arrasateko Udalak beste pausu bat eman gura du Arrasateko kaleak irisgarriagoak izateko. Zarugalde kaleko 40 eta 42 zk.ko atarteen parean, hau da, hirigune nagusian espaloi goratua ez zen erosoa, ezta eraginkorra ere, oinezkoen mugikortasunerako. Askotan, plataformak eragotzi egiten zuen oinezkoak noranzko bietan aldi berean pasatzea espaloitik, eta elkarren artean talka egitea gertatu zitekeen.

Gainera, eremu zaila zen udaleko garbiketa eta mantentze zerbitzuentzat. Espaloi goratuak Garbiketa metodo ez eraginkorrak behar zituen, ezin baitzen modu mekanizatuan garbitu (eskuz garbitu behar zen); eta, bestalde, mantentze lan konplexuko elementuak zituen, hala nola eskailerak eta baranda.

Abian dauden lanen bidez, helburua da arazo horiek deuseztatzea. Construcciones Frixi SL enpresak egingo du eraberritze lana, 53.993,55  euroko aurrekontuarekin, BEZa barne.

Urrats gehigarri bat da udalerriaren irisgarritasuna hobetzeko, Pablo Uranga kalean egin bezala, edo duela gutxi Garibai etorbidean egin den bezala, edo Gipuzkoa etorbideko espaloiak hobetzeko, Musakola auzoan.