Zerrajera kaleko haur parke berriaren diseinua aukeratzeko, partaidetzako prozesua zabalik irailaren 30era arte

2022/09/19
Arrasatear guztiek aukera izango dute prozesuan parte hartzeko, prozedura bi ezberdinduren bitartez: partaidetzako prozesu irekia eta eskolen bitartez egingo den prozesua. 5 parke diseinu daude aukeran.

Zerrajera kalean, Juan Azarmendi Musika Etxearen alboan dagoen parkea berriztuko du udalak udazken honetan. Uribe eta Legarra auzoetan egin bezala, herritarrek aukeratuko dute parkearen diseinua, gaur bertan, irailaren 19an, zabaldu den partaidetzako prozesuaren bitartez. Hilaren 30era arte egongo da zabalik.

Horretarako, udalak haur parkeetan adituak diren enpresak gonbidatu ditu, hainbat diseinu aukera aurkeztu dezaten. Guztira 5 eredu egongo dira aukeran: ‘Dragoiaren kondaira’, ‘Erreka emaria’, ‘Guztientzako jolasa’, ‘Lagun artean’ eta ‘Piratak’.

Arrasatear guztiek aukera izango dute prozesuan parte hartzeko, prozedura bi ezberdinduren bitartez: partaidetzako prozesu irekia eta eskolen bitartez egingo den prozesua.

  • Partaidetzako prozesu irekia: 16 urtetik gorako arrasatearrek bozkatu ahal izango dute BAZen ipiniko den postontzian, eta udalaren webgunean ere bai: partaidetza.arrasate.eus.
  • Ikastetxeak: udalarentzat oso garrantzitsua da haurrek parte hartzea prozeduran, haiek izango baitira erabiltzaileak. Haurren kasuan, partaidetzako prozedura ikastetxeen bitartez egingo da. Bozketa egingo da gelaz gela.

2022ko amaieran parkea eraberrituta

Zerrajera kaleko haur parkeak 505 metro koadroko azalera du. Parkea egiteko aurrekontua 100.000 eurokoa izango da, eta diseinuan eskaintzen diren jokoak, zati batean, egokituak izango dira haur elbarrientzat.

Jarduera kokatzen da arrasatearrei kalitateko instalazioak eta zerbitzu publikoak eskaintzeko etengabeko estrategiaren barruan, kasu honetan herriko haurrei eta familiei zuzendua. Udalaren helburua da, behin partaidetzako prozesuan diseinua aukeratu ostean, parkea eraberritzeko obraren lizitazio prozesua abian jartzea 2022ko urrian, eta hobetze lanak abiatzea urte amaieran.