Herritarrek Zerrajera kaleko haur parke berriaren diseinua aukeratuko dute

2022/07/13
Card image cap
Parkeak 505 metro koadroko azalera du. Aurrekontua 60.000 eurokoa izango da eta diseinuan eskaintzen diren jokoak, zati batean, egokituak izango dira haur elbarrientzat.

Zerrajera kalean, Juan Azarmendi Musika Etxearen alboan dagoen parkea berriztuko du udalak urteko azken lauhilekoan. Herritarrek parkearen diseinua aukeratuko dute, aurrez, urte hasieran, Uribe eta Legarra auzoetan egin zen antzera.

Horretarako, udalak haur parkeetan adituak diren enpresak gonbidatu ditu diseinu aukerak aurkeztu ditzaten. Gonbidatu bakoitzak aukera izango du diseinu bi aurkezteko. Diseinu horiek udalaren jabetzara pasatuko dira, herritarrekin partaidetza prozesu batean erabili ahal izateko eta, gero, diseinua aukeratuz gero, kontratazio lehiaketa batean erabiltzeko.

Asmoa da diseinuak irail hasieran aurkeztea, eta hilaren amaieran zabaltzea herritarren bozketa fasea.

Zerrajera kaleko haur parkeak 505 metro koadroko azalera du. Parkea egiteko aurrekontua 60.000 eurokoa izango da, eta diseinuan eskaintzen diren jokoak, zati batean, egokituak izango dira haur elbarrientzat.

Jarduera kokatzen da arrasatearrei kalitateko instalazioak eta zerbitzu publikoak eskaintzeko etengabeko estrategiaren barruan, kasu honetan herriko haur eta familiei zuzendua. Udalaren helburua da 2022ko urrian parkea eraberritzeko obraren lizitazio prozesua abian jartzea, eta hobetze lanak urte amaieran abiatzea.