Zerrajerako ezponda konpontzeko, Arrasateko Udalak 2023ko gerakina erabiliko du

2024/05/08
Card image cap
Arrasateko Udala Zerrajerako ezponda konpontzeko proiektua idazten ari da apirilaren 19az geroztik. Konponketa lanen aurrekontua 300.000 €-koa izango da eta ekainean onartuko den kreditu aldaketan jasoko da.

Zerrajera kalean 2023ko abenduaren 14an harri zati handiak jausi ziren bidegorrira, Zerrajera kalearen eta saihesbidearen artean dagoen ezpondatik. Momentu horretan, herritarren segurtasuna bermatzeko, espaloia hesitzea erabaki zen, material gehiago jausiz gero kalterik ez izateko.

Ezpondaren egoera ezegonkorra dela eta, udal gobernuak lursailaren jabetzaren gaineko azterketa egin zuen, eta udalaren lur publikoak zirela baieztatuta, erabaki zuen azterketa geoteknikoa egitea. 2024ko urtarrilaren 17an, Auzoen eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze batzordeak Ikerlur SL enpresari adjudikatu zion lan hori.

Egungo ezpondaren ezaugarriak eta egindako egonkortasun kalkuluak ikusita, txostenak dio gaur egun ez dagoela bermatuta eremuaren segurtasuna mendi hegaletik jausten diren harkaitzak direla-eta. Beraz, beharrezkotzat jotzen du neurri batzuk hartzea ezponda egonkortzeko eta babesteko.

Lehen urratsa izango da proiektua idaztea

Lehen urratsa Zerrajera kaleko ezponda egonkortzeko proiektua idaztea izango da, eta lan hori 6 astean egingo da. Proiektua idazteak 8.000,00 euroko (BEZ barik) kostua izango du. Proiektua idaztea apirilaren 19an adjudikatu zen.

Lanen exekuzio proiektuaren helburua izango da ezpondaren egonkortasuna eta segurtasuna bermatzea; horregatik, irizpide hauek izan beharko ditu kontuan:

  • Ezpondan dauden hainbat kutxatila, hodi eta eraikuntzako hondakinak kentzea. Horien artean dago fabrika zaharreko hormigoizko blokeren bat, besteak beste.
  • Ezpondako drainatze elementuak garbitu eta konpontzea
  • Babes hesiak jartzea ezpondan, eta egingo diren lanak ingurunean integratzea.
  • Ezarriko diren babes neurrien mantentze lanak zehaztea.

Aurreikusten da lanak udazkenean hastea

Kepa Urteaga zinegotziaren esanetan, “ekainean, behin exekuzio proiektua idatzita, proiektuaren aurrekontua eta exekuzio epe zehatza jakingo dugu, eta lanak lizitaziora ateratzeko moduan izango gara. Aurki egitear dagoen kreditu aldaketan 300.000 €-ko partida gorde dugu lan hauek egiteko, ezinbestekoak direnak herritarren segurtasuna bermatzeko”. Udal gobernuak aurreikusten du konponketa lanak udazkenean hastea.

“Lanak hasi eta amaitu bitartean, segurtasun hesiak Zerrajera kalean jarraituko dute, eta bidegorri zati hori itxita egongo da segurtasun irizpide teknikoengatik”. Horrez gain, Urteagaren esanetan, “alderdi guztiak informatuta egon dira uneoro eta neurri guztien berri izan dute”.