Zirkulazioari eta herri barruko bideen erabilerei buruzko udal ordenantza berria idazteko prozesuan kontsulta publikoa abiatu du Udalak
2025/10/31
Arrasateko Udalak herritarren parte-hartzea sustatu nahi du zirkulazioaren eta herriko bideen erabileraren inguruko araudi berria prestatzen ari den honetan. Horretarako, kontsulta publiko bat jarri du abian, 2025eko azaroaren 17ra arte irekita egongo dena.
“Azken plenoan jakitera eman genuen bezala, zirkulazio ordenantza berria idazten ari gara. Alde batetik, gaur egun indarrean dagoena zaharkitua dagoelako (2014 urtean onartu zen) eta, bestetik, apirilean onartu zen Mugikortasun Planak hala jasotzen duelako. Helburua da ibilgailu guztiak arautuko dituen ordenantza izatea” azaldu du Garazi Etxeberriak Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.
Ordenantza zaharkitua berritzeko apustua
Egun indarrean dagoen ordenantza zaharkituta geratu denez —mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, abiadura orokorrak eta antzeko gaiak behar bezala jasotzen ez dituelako—, Udalak testu eguneratua idazte lanetan dihardu azken hilabeteetan, egungo errealitate sozial eta juridikora egokitutako araudi bat lortzeko asmoz. Arautuko diren ibilgailu pertsonalen artean daude kotxeak, motorrak, bizikletak, patinete elektrikoak… eta “mugikortasunarekin zerikusia duten ibilgailu guztiak”.
Herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko tartea
Kontsulta publikoaren bidez, herritar, elkarte eta erakundeen ekarpen eta iritziak jaso nahi dira, arau berriak eragina izan dezakeen eremu guztietan ikuspegi zabal eta parte-hartzailea bermatzeko. “Herritarrak animatu nahi ditugu zirkulazioari eta herri barruko bideen erabilerei dagozkien iradokizun, kexa edota proposamenak egitera. Udal teknikarien profesionaltasunak teknikoki ikuspegi zabala bermatuko badu ere, herritarren egunerokoari lotutakoak entzun nahi ditugu, ordenantza osatu bat izan dadin, herritarren beharretara egokitutakoa” azaldu du Etxeberriak.
Parte hartzeko aukera egongo da partaidetza.arrasate.eus udal webguneko atalean, ekarpenak eta proposamenak modu errazean bidaltzeko aukerarekin.
Udalaren esanetan, “ordenantza berriak gure kaleetako bizikidetza eta mugikortasuna hobetzea izango du helburu, herritarren beharrak eta gaur egungo araudiaren eguneratze beharra uztartuz”.
Ekarpenak egiteko epea: 2025eko azaroaren 17ra arte
Parte hartzeko webgunea: partaidetza.arrasate.eus