Zuhaitz Egunaren hitzordu berriarekin batera, Basoen Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoa iragarri du Udalak

2026/01/08
Card image cap
Urtarrilaren 17an ospatuko da Arrasateko Zuhaitz Eguna, ohiko zuhaitz azokarekin eta Etxezarretan 400 zuhaitzen landaketarekin. Landaketan parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman behar dute izena https://izenemateak.arrasate.eus udal webgunean. Arrasateko Udalak Basoen Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoa landuko du, hurrengo 20 urteetarako jarduketa-plangintza zehaztuz; basoen kontserbazioa, leheneratzea eta aprobetxamendua modu orekatuan antolatzeko.

Egun seinalatua aprobetxatuz, Arrasatek, urtarrilaren 17an ospatuko du XIII. Zuhaitz Feria. Arrasateko Udalak antolatuta, aurten, ohi bezala, zuhaitz feria eta zuhaitz landaketa egingo dira. Edizioz edizio egonkortzen eta indartzen joan den feria izan da Arrasateko zuhaitz egunekoa, azken urteetan erreferentzialtasuna irabazi duena.

Egonkortze horretan, oso lagungarria izan da zuhaitz landaketa herrikoia. Izan ere, azken urteetan ehunka zuhaitz landatu dira Arrasaten, herritarren parte hartzea eta naturarekiko konpromisoa bilatuz. “Gizakiak eragindako aldaketa klimatikoari esparru ezberdinetatik eragitea ezinbestekoa da, baita biodibertsitatearen eta basogintzaren eredutik ere. Horregatik, etorkizunera begirako herrigintza ariketa arduratsua da Zuhaitz Egunean egiten den landaketa herrikoia, herrigintzatik egin daitekenaren erakusle delarik” Garazi Etxeberria Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak nabarmendu duenez.

Bost mintegik hartuko dute parte ferian

Aurtengoa Zuhaitz Feriaren XIII. edizioa izango da eta, ohi bezala, mintegiek Seber Altube plazan jarriko dituzte postuak 08:00etatik 14:00etara, hileko hirugarren zapatuetan egiten den Arrasateko baserriko produktuen azokarekin batera. Hauek dira aurten parte hartuko duten sei mintegiak: Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Lurberry (Zarautz), Ekoudalatx (Arrasate) eta Euskal Herriko hazien sarea (Gasteiz).

Bertaratzen direnek fruta-arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak, lorategiko landareak, eta basoko fruitu txikiak zigilu ekologikoarekin erosi ahal izango dituzte; gainera, bi zuhaitz-sorta zozketatuko dira erosleen artean.

400 zuhaitz landatuko dira Etxezarretan

Zuhaitz landaketa izan ohi da Zuhaitz Eguneko ekitaldi nagusia. Herrigintza ariketa honek, urtez urte, herritar gehiago bereganatu ditu zuhaitz landaketa egitera, horregatik, aurten, 400 zuhaitz landatuko dira Etxezarretako herri lurretan. Hektarea bateko azalera prestatu da aurtengo landaketarako.

Goizeko 10:00etan hasiko da eta parte-hartzaileak Musakolako San Isidro elizatik abiatuko dira. Landaketa eguna amaitzean hamaiketako txiki bat egongo da, heldu zein haurrentzat. Parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute online https://izenemateak.arrasate.eus/eu/zuhaitz-eguna-landaketa/ bidez. Gomazko katiuskak eramatea gomendatzen da.

Herri lurretan biodibertsitatea zaintzea helburu

Azkeneko urteetan hainbat Zuhaitz Egun ospatu dira, eta horri esker ehunka  lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu dira Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio,  Hidalgobaso eta Antoniñako herri lurretan.

Beste urte batez zuhaitz landaketa Etxezarretan egiten jarraituko da, izan ere, Arrasateko Udalak erositako 83 hektareako lursail honetatik, 63 hektarea gutxi gora behera pinudia izandakoa zen. Dagoeneko, guztira, 2,2 hektarea eremu birlandatu dira Etxezarretan.

Etxezarreta parkea, Arrasateko ekialdean kokatzen da, Musakola auzoan. Garrantzi handia dauka biodibertsitatearen ikuspegitik, eta Udalak enkargatuta egindako biodibertsitate azterketak ondorioztatu zuen birsortze naturala oso ona dela. Eremu batzuetan harizti kantauriarrari lagundu beharra ere azaltzen zuen azterketak eta, horregatik, azken urteetan haritzak eta hariztietan sortzen diren beste hostozabal batzuk  landatu dira.

Aurtengo edizioan, landatuko diren espezieak, askotarikoagoak izango dira. Honako espezie hauek landatzea aurreikusten dira: 99 Haritza (Quercus robur), 96 Haritza (Quercus petraea), 24 Gorostiak (Ilex aquifolium), 24 Haltza (Alnus glutinosa), 48 Urkia (Betula celtiberica), 24 Lizarra (Fraxinus excelsior), 49 Artea (Quercus ilex), 24 Astigar zuria (Acer pseudoplatanus) eta 12 Basagurbea (Sorbus torminalis).

Arrasateko Udalak Basoen Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoa landuko du

Arrasateko Udalak udal-jabetzako basoak modu ordenatu, arduratsu eta iraunkorrean kudeatzeko Basogintza Kudeaketa Iraunkorrerako Plan Teknikoa abiatu du. Plan honen helburua da datozen urteetan basoen kontserbazioa, leheneratzea eta aprobetxamendua modu orekatuan antolatzea, ingurumenaren babesa eta erabilera ekonomikoa bateragarri eginez.

Lanaren bidez, udalaren baso-eremuak aztertu, egungo egoera baloratu eta hurrengo 20 urteetarako jarduketa-plangintza zehaztuko da, besteak beste mozketak, birsorkuntza natural edo artifiziala, eta hobekuntza-lanak planifikatuz.

Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, “plan honek Arrasateko basoen etorkizuna bermatzeko tresna nagusia izango da, iraunkortasuna ardatz hartuta eta udalaren kudeaketa-ereduarekin bat eginez”.

Planaren idazketa bost hilabeteko epean egingo da, eta legeak ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, udalaren baso-ondarea zaintzeko eta balioan jartzeko urrats garrantzitsua izango da