«Zuk eskatu, nik ulertzen dut»: Debagoieneko tabernetan euskaraz eskatzera animatzeko kanpaina jarriko dute abian
2026/11/17
Eskualdeko udalek, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, «Zuk eskatu, nik ulertzen dut» kanpaina jarriko dute martxan datorren azaroaren 18an. Ekimenaren helburu nagusia herritarrak tabernetan euskara erabiltzera animatzea da. Izan ere, sarritan erdarara jotzen dugu, tabernan ulertuko ote diguten zalantzan, eta kanpaina honek, hain justu, muga hori apurtu nahi du.
Kanpaina Debagoieneko zortzi herrietan egingo da: Arrasate, Bergara, Antzuola, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga, Oñati eta Elgeta. Ekimenean parte hartzen duten tabernek kanpainaren kartela eta mahai-gainekoa ikusgai izango dituzte, bezeroek argi jakin dezaten bertan euskaraz lasai ederrean eska dezaketela.
Euskara badakigu, baina gutxiago erabiltzen dugu
Datu soziolinguistikoek ongi erakusten dute horrelako ekimenen beharra. Debagoieneko herri guztietan, biztanleen erdiak baino gehiagok daki euskaraz, eta bost herritan, bi herenek baino gehiagok.
«Debagoienean gehienok dakigu euskaraz, baina askotan ez gara erabiltzera ausartzen, edo ohituragatik erdarara jotzen dugu. Tabernak leku aproposak dira joera hori aldatzeko: zuk eskatu euskaraz, ulertuko dizute eta», adierazi du Eider Usobiaga Bergarako Udaleko euskara zinegotziak.
Pintxo-pote saioak, umorez blai
Kanpainak irauten duen bitartean, zortzi herrietan, pintxo-pote garaian, bi aktore ibiliko dira tabernetan eta kalean, jendea euskaraz eskatzera animatzen, umorea eta inprobisazioa lagun. Photocall bat ere jarriko dute argazkiak ateratzeko.
Hona hemen herrietako saioen egutegia:
● Azaroak 19: Arrasate. Otalora lizentziatua kalean, 19:00etatik aurrera.
● Azaroak 20: Eskoriatza. 19:00etatik aurrera.
● Azaroak 22: Elgeta. Eguerdi partean.
● Azaroak 25: Aretxabaleta. 19:00etatik aurrera.
● Azaroak 26: Oñati. Atzeko Kale 32 aurreko plazatxoan, 19:00etatik aurrera.
● Azaroak 27: Leintz Gatzaga. 19:00etatik aurrera.
● Abenduak 3: Bergara. Irala kalean, 19:00etatik aurrera.
● Abenduak 10: Antzuola. 19:00etatik aurrera.
Zozketa: asteburu-pasa edo esperientzia bat eta 10 kontsumo-bonu
Kanpainan parte hartzen duten herritarren artean sari bikainak zozkatuko dira: 400 euroko asteburu-pasa edo esperientzia bat eta 30 euroko 10 kontsumo-bonu. Bonu horiek 2027ko urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira kanpainari atxikitako tabernetan. Sari nagusiaren kasuan, irabazleak berak aukeratuko du saria non erabili, baina Debagoienean bertan izan beharko du.
Parte hartzeko bidea oso erraza da: nahikoa da tabernan euskaraz eskatzea eta zozketa-txartela betetzea.
Zozketa abenduaren 18an egingo da, eta irabazleen zerrenda Debagoieneko Mankomunitatearen webgunean argitaratuko da.