Zure egoera hobetzen laguntzeko, Arrasateko Gizarte Zerbitzuak bertatik bertara

2014/09/30
Card image cap
Txaetako bulego berrietan emango dugun zerbitzua are hobea izango da, kalitatea hobetuko delako: Hurbileko zerbitzua izateaz gain, herritarren pribatutasuna, guztiz bermatuko dugu

Udal Gizarte Zerbitzuetako bulego berria inauguratu dugu gaur, martitzena, ospitale ondoko Txaeta plazan eta ordezkaritza politiko zabalaz gain, herriko eragile ezberdinetako kideek ere gertutik ezagutu gura izan dituzte instalazio berriak.

Alkateak gaurko ekimenean esan bezala, gure oinarrizko helburua da jendarte justua eta solidarioa eraikitzea, elkartasuna ardatz duena.  Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik saiatzen gara gizartean gertatzen ari diren aldaketei aurre egiten: biztanleriaren zahartzeari, talde ahulen gizarte-bazterketari, immigrazioari...

Eta, horregatik, hamairu langile dabiltza Gizarte Zerbitzuetan, egoera ezberdinetan laguntza zabala eskaintzen:  zailtasun ekonomikoak, menpekotasuna eta ezgaitasuna, adin-txikikoak, drogomenpekotasunak, Guraso Eskolak, kultur aniztasuna.... Ongizate saileko zinegotzi, Amaia Larrañagak bereziki eskertu nahi izan die hamairu langile hauei egunero egiten duten lan bikaina.

Menpekotasun edo arazoren bat inguruan suertatu arte ez gara konturatzen halako egitura sendo bat inguruan edukitzeak daukan benetako garrantziaz.

Orain, Txaetako bulego berrietan emango dugun  zerbitzua are hobea izango da, kalitatea hobetuko delako: Hurbileko zerbitzua izateaz gain, herritarren pribatutasuna, guztiz bermatuko dugu. Lokal berriak horretarako baldintza guztiak betetzen baititu.

Arrasateko Udal Gizarte zerbitzuetan herritarrei laguntzeko gaude. Guregana jotzen baduzue, zuen sostengua izango gara, zuen aholkulariak. Aurrerantzean ere, gertu izango gaituzue, GANORAZ  laguntzeko prest.