Bigarrenez martxan da Arrasaten 'Ikusgarriak gara' LGTBIQ+ egitaraua, ikusgarritasuna eta herriko ahotsak erdigunean jarriz
2026/05/20
Arrasateko Emakume Txokoak, Morbor sexu askapen taldearekin elkarlanean, “Ikusgarriak gara” egitarauaren bigarren edizioa aurkeztu du. Ekimen hau herrian egindako LGTBIQ+ diagnostikoaren haritik tiraka sortu zen iaz, eta lehen edizioak izandako emaitza positiboak bultzatuta, aurten ere egitarau oparoa antolatzea erabaki dute.
Zinegoakekin hasiera ostegun honetan
Egitaraua ostegun honetan bertan, maiatzak 21, abiatuko da Zinegoak Hedapenarekin. Arratsaldeko 18:30ean, Kulturateko Areto Nagusian, LGTBIQ+ gaiak jorratzen dituzten film laburren proiekzioa egingo da. Saioaren ondoren, solasaldi berezi bat egongo da Maren Zubeldia zuzendariarekin, Ultramarino film laburraren egileetako bat dena.
Ekainaren 18an: Arrasateko ahotsak eta etorkizuneko erronkak
Hitzordu nagusietako bat ekainaren 18an izango da, 18:30ean Emakume Txokoan. “Ikusgarriak gara, eta orain zer? Arrasateko LGTBIQ+ ahotsak” izenburupean, mahai-inguru bat egingo da herriko hiru kideren bizipenak ezagutzeko: Ane, Oihan eta La Furia. Solasaldia Kattalin Minerrek (Eihera) gidatuko du.
Saio honen helburua Arrasateko askotariko errealitateak ikusaraztea, komunitatea sendotzea eta etorkizunera begira dauden beharrak eta erronkak partekatzea da. Mahainguruaren ostean, DJa eta luntxa egongo dira arratsaldea borobiltzeko.
Ikusgarritasuna aldarrikatzeko hitzorduak: Morbor eta Miau
Morbor eta Miau taldeek ere bi hitzordu garrantzitsu antolatu dituzte herriko kaleetan ikusgarritasuna sustatzeko:
- Ekainak 10: Mural margoketa parte-hartzailea egingo da 18:00etan, Maalako biribilguneko ur parkean.
- Ekainak 28: LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, kontzentrazioa egingo da Herriko Plazan (12:30ean) eta, ondoren, kuir-poteo musikatua egongo da.