FLL Euskadiren finala Mondragon Unibertsitatean: 800 gazte baino gehiago elkartuko dira Arrasaten eta Bilbon

2026/02/18
Card image cap
Innobasquek antolatutako txapelketa otsailaren 28an jokatuko da. Mondragon Unibertsitateak bi egoitza izango ditu aurten: Arrasateko ohikoa eta, lehen aldiz, Bilbao As Fabrik. Guztira 800 parte-hartzaile inguru espero dira: 500 Arrasaten eta 300 Bilboko egoitza berrian. Arrasateko Iturripe kiroldegiak itxura berritu aurretik hartuko duen azken ekitaldi handia izango da hau.

Mondragon Unibertsitateak gaur arratsaldean aurkeztu du ofizialki First LEGO League Euskadi txapelketaren aurtengo finala Arrasateko Iturripe kiroldegian. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak 17. aldiz antolatzen duen programa honek mugarri berriak ezarriko ditu aurten; izan ere, Mondragon Unibertsitateak Zorrozaurreko Bilbao As Fabrik campusa gehituko dio txapelketari egoitza berri gisa. Ondorioz, Deustuko Unibertsitatearekin, EHUrekin eta Mondragon Unibertsitatearekin antolatzen den final honek inoizko parte-hartzerik handiena izango du.

Aurkezpenean parte hartu dute Maider Morras Arrasateko alkateak, Nekane Errasti Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritza koordinatzaile eta ikertzaileak, eta Iñigo Larrea MONDRAGONeko Talentuaren Kudeaketa arduradunak.

Iturripe: 500 gazte aro baten amaieran

Arrasateko egoitzan zenbakiak ikusgarriak dira aurten ere. 13 ikastetxetako ikasleak elkartuko dira Iturripen, eta guztira 500 neska-mutiko inguru espero dira. Taldeka banatuta, honakoa izango da parte-hartzea:

  • 27 talde Challenge kategorian (10-16 urte).
  • 21 talde Explore kategorian (6-9 urte).

Arrasateko alkate Maider Morrasek herriarentzat horrelako ekitaldi bat hartzearen garrantzia azpimarratu du. "Guretzako oso egun garrantzitsua izaten da, gazteak balore kooperatiboetan trebatzen direlako elkarlanean erronka bati erantzuteko aukera dutelako", adierazi du.

Morrasek ukitu emozionala eman dio aurkezpenari, Iturripe kiroldegiaren etorkizuna aipatzean: "Aurtengo finala berezia izango da, Iturripeko kiroldegia egungo itxurarekin erabiliko den azken aldia izango delako. Iturripeko kiroldegi berriak, kirol-azpiegitura hobeak eskaintzeaz gain, ekimen kulturalak eta jendetsuak hartzeko prestatuta egongo da. Horregatik, FLL (First Lego League) Iturripera itzultzen denerako, horrelako tamainako ekitaldiak hartzeko hobeto egokituta egongo da. Obrak aurten hasiko dira, eta hurrengo bi urte eta erdian espazio eta eraikin berriak eraikiko dira."

Bilbao As Fabrik: egoitza berriaren erronka

Mondragon Unibertsitatearen izenean, Nekane Errastik aurtengo berritasun nagusia azaldu du: "FLL Euskadi Bilbao-Mondragon Unibertsitatea" egoitzaren estreinaldia. Errastik onartu duenez, "aurten erronka berria dugu: Bilboko AS Fabrik campusa zabaltzen dugu egoitza gisa.".

Bilboko As Fabrik egoitzan 300 neska-mutiko espero dituzte; 6 ikastetxetako 22 talde lehiatuko dira:

  • 12 Challenge kategorian.
  • 10 Explore kategorian.

Gaia: Submerged

Aurtengo erronka Submerged lelopean dator. Gazteek gai horrekin lotutako irtenbide berritzaileak bilatu beharko dituzte, beren proiektu zientifikoak eta robotak erabiliz, ozeanoak eta teknologia uztartuz. Errastik dei berezia egin du amaitzeko: "Oraindik zabalik dago izen-ematea boluntarioentzat; ezinbestekoak dira ekitaldi hau aurrera ateratzeko.

Boluntario izateko, hemen eman daiteke izena: https://boluntarioakflleuskadi.innobasque.eus/login.html

MONDRAGONen apustua eta balioak

Bestalde, Iñigo Larreak, MONDRAGON Korporazioaren izenean, taldeak ZTIM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) bokazioak sustatzeko egiten duen apustu irmoa berretsi du. "STEAM bokazioak sustatu nahi ditugu, batez ere emakumeen artean, gaur egun %18 bakarrik baitira", ziurtatu du.

Larreak gaineratu duenez, "Etorkizuneko lan-eskaintza asko teknologiari lotuta egongo direla argi ikusten da, eta FLL bada hori sustatzeko modu bat” Aurtengo edizioak inoiz baino babesle gehiago lortu dituela ere nabarmendu du, kooperatibek proiektu honetan duten konfiantzaren seinale.

Innobasque, Mondragon Unibertsitatea eta MONDRAGON Korporazioa dira bi egoitzetako antolatzaileak, enpresa eta erakunde hauen babesarekin: Arrasateko Udala, Ausolan, Batz, Cicautxo, Danobatgroup, Erreka, Fagor, Ikerlan, Krean, Laboral Kutxa, Lana, LKS Next, Lortek, Maier, Ondoan, Orbik, Ulma, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Zientzia, Ikerketa eta Berrikuntza Saila.

Finala, beraz, datorren otsailaren 28an ospatuko da, goizez, bost egoitzatan aldi berean: Mondragon Unibertsitatearen Arrasate eta Bilboko campusetan; EHUren Gasteizko campusean; eta Deustuko Unibertsitatearen Bilbo eta Donostiako campusetan.