Iturripe berria eraikitzeko atzera kontaketa hasi da.

2026/03/12
Card image cap
Udalbatzak oniritzia eman dio Iturripeko proiektua exekutatzeko pleguei, eta lehiaketara aterako da kiroldegi eta hiri-parke berria eraikitzeko obrak. Iturripeko lurrak Gizabidea Fundazioarenak dira gaur gaurkoz, eta hauek Udalak eskuratzea ere onartu du Osoko Bilkurak, permuta baten bitartez. Gaur egun Iturripe kanpoaldean dagoen kirol espazioak herrian zehar berreskuratzeko plana amaitzen ari da Udala: “erabilera gutxiko plaza eta espazioak berreskuratzea nahi ditugu herrian zehar kirol ezberdinak egiteko”.

Arrasateko Udalbatzak gaur arratsaldean onartu du Iturripe Berria proiektua errealitate izateko lehiaketa publikoa, herriko kirol eta gizarte eskaintza errotik eraldatuko duen proiektu handia. Garazi Etxeberria, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak azpimarratu duenez, “gaur onartzen kiroldegi bat baino askoz gehiago da: elkargune berde eta jasangarria da, etorkizuneko Arrasateren hirigintza eredurako jauzi kualitatiboa”.

Etxeberriak nabarmendu duenez, Iturripeko espazio berriak aro berri bat zabaltzen du: “kiroldegi berri bat eraikitzeaz gain, eremuaren eraldaketa sakon bat gauzatuko da proiektu honekin, gune urbano bat birnaturalizatuz, Aramaio ibaiari ibilgua itzuliz, eta berdegune esanguratsu bat sortuz, bi helburu nagusirekin: auzoari kalitatezko espazio publiko bat eskaintzeko eta bizi dugun larrialdi klimatikoaren eraginak apaltzen laguntzeko. Proiektuaren aurrekontua 30.166.240,13 eurokoa da, BEZ barne (24.930.776,97€ BEZ gabe). Hemen proiektuaren informazio guztia. 

Kirol instalazio modernoak eta behar berrietara egokituta

Eraikin berria lau solairutan egituratuko da, eta, guztira, 12.000  m²-ko eraikina eraikiko da. Bertan, kirol klub askok izango dute egoitza berria: Ointxe, Mondrate, Eskubaloia, Ixotu (hockey), Pilota taldeak, Gimnasia erritmikoa eta kontaktuzko kirol taldeak, LEK eta ikastetxeak, besteak beste. Dena den, kiroldegiko bazkideentzat ere espazio ugari egongo dira:

Kirol klubentzako askotariko kirol guneak:

  • Bi kirol kantxa handi: 1700 m² izango ditu bakoitzak, bata bestearen gainean, bi solairutan banatuta, eta 400 ikusletik gorako edukierarekin. Ekitaldi kulturalak ere hartzeko prestatuta egongo da. 
  • Tatamia eta klubentzako gimnasioa.
  • Kirol klubentzako biltegiak eta 16 aldagela.

IMAGENES INTERIORES 10_PISTAK 2.jpg

Kirol bazkideentzako guneak:

  • 650 m²-ko gimnasio moderno nagusia, muskulazio eta kardiorako ekipamendu berrienarekin, Musakolako gimnasioaren lekukoa hartuz.

IMAGEN 3D_09_GIMNASIOA 1.jpg

 

  • Frontoi itxia: kirol bazkideek erreserba bidez erabili ahal izango dutena.
  • Kirol anitzetarako gelak, ikastaroetarako edota talde ezberdinek erabiltzeko.
  • Terraza berdeztaturako sarbidea, erabilera anitzetarako.

Herritar orori zabalik izango diren kirol espazioak

  • Frontoi irekia: frontoi irekia edonork erabili ahal izango du. Haur parkea ondoan izango du, eta haur eta familientzat babesgune izateko ere pentsatua dago euria denean.
  • Kale rokodromoa, eraikinaren fatxadatako batean kokatuko dena.
  • Kalistenia gunea: kanpo entrenamenduak sustatzeko. 
  • Doke edo petanka gunea.
  • Mahai teniserako gunea.

Hiri-parke berdea eta ibaiaren berreskuratzea

Iturripe Berria ez da soilik kiroldegi berri bat izango: “Eremuaren benetako eraldaketa bat da hemen planteatzen duguna: espazio artifizializatu batetatik, gune ahalik eta naturalenera pasatzea du helburu oinarrian proiektuak. Izan ere, Arrasatek hiri-parke berri bat irabaziko du herritar orok erabili eta gozatzeko” azaldu du Etxeberriak. Proiektuak honako elementu nagusiak jasoko ditu:

  • Ibaiaren ertzaren berrantolaketa
    • Egungo frontoiak dauden lekuan, Aramaio errekaren ibilgua berreskuratuko da.
    • Anfiteatro formako gune bat sortuko da ibai ertzean deskantsurako. 
  • Berdegune zabalak eta zuhaitz ugari, itzal naturala eta babes klimatikoa bermatzeko.
  • Haur-parkea txikientzat, frontoi irekiaren ondoan, euriarekin babestu ahal izateko.
  • Berdegune eta elkargune berriak unibertsitatearen eta kiroldegiaren artean, harnasgune berriak sortuz.
  • Bizikletentzako aparkaleku estaliak 
  • Taberna irekia, kiroldegiaren ordutegitik independentea.

3 Irudia.jpg

Iturripeko lurrak, Udalaren esku

Gaur gaurkoz Iturripeko eremua ez da Udalarena, hau da, ez da publikoa, Gizabidea fundazioaren jabetzakoa da. Arrasateko Udalak eta fundazioak 1989ko irailaren 5ean sinatutako eskrituraren bidez arautu zen espazio horren erabilera, eta akordio horren indarraldia 2029an amaituko da. “Testuinguru horretan, Arrasateko Udalak beharrezkotzat jo du Iturripeko proiektua garatuko den lursaila udal jabetzakoa izatea, proiektuaren izaera eta aurreikusten den inbertsioaren garrantzia kontuan hartuta” azaldu du Etxeberriak. Horretarako, gaur egun udalaren jabetzakoa den baina Garaia Parke Teknologikoa S. Coop-ek emakidan duen partzela eta eraikinarekin permuta egiteko aukera bideratu da.

Hitzarmen baten bidez arautuko da trukaketa hori gauzatzeko prozesua, hiru aldeei —Arrasateko Udala, Gizabidea Fundazioa eta Garaia Parke Teknologikoa S. Coop— segurtasun juridikoa bermatuz. Prozedura amaitzean, Iturripeko proiektua garatuko den lursaila Arrasateko Udalaren jabetzara pasatuko litzateke; Garaiako partzela, berriz, Gizabidea Fundazioarena izango litzateke; eta Garaia Parke Teknologikoa S. Coop-ek azalera-eskubidearen titular gisa jarraituko luke gaur egun garatzen duen jarduera toki berean eta baldintza beretan aurrera eramanez. Etxeberriak eskerrak eman dizkie bi erakundeei akordioa adosteko erakutsi duten prestutasun eta arduragatik.

Iturripeko kanpo espazioak herrian zehar berreskuratzea

Gaur egun Iturripen kirola egiteko dagoen kanpo espazioa herriko beste gune batzuetan kokatzeko lanean ari da Arrasateko Udaleko Kirol Saila. 

Testuinguru horretan, Kirol Herria egitasmoaren barruan, udalaren asmoa da herriko plaza eta espazio ezberdinetan kirolerako gune berriak sortzea. Ekimenak helburu bikoitza du: batetik, aire libreko jarduera fisikoa sustatuz herri aktiboagoa bultzatzea; eta bestetik, hirigintzaren ikuspegitik erabilera txikia duten zenbait plazari bizitasun berria ematea. Mikel San Miguel zinegotziak lehen zirriborroa aurkeztu du dagoeneko kiroletako batzordean, eta gaur egun proposamena lantzen eta zehazten ari dira. Plana prest dagoenean, kirol taldeekin eta herritarrekin partekatuko du Udalak.