Arrasateko I. Sormen Beka Feministak baditu jada irabazleak: Itziar Nanclares de Gamboaren «Sexualitateko pedagogia ikusezinen interferentziak» eta Amaiur Macias Aranbarriren «Desiraren gau asegabea»

2026/09/03
Card image cap
Itziar Nanclares de Gamboaren "Sexualitateko pedagogia ikusezinen interferentziak" proiektua instalazio artistiko gisa planteatzen da, eta soinua, bideoa, argazkia, objektuak eta testu inprimatuak uztartuko ditu. Amaiur Macias Aranbarriren “Desiraren gaua” proposamena memoria, desira eta sexu-askapena erdigunean jartzen dituen lana da. Kabaretaren eta teatro-dokumentuaren arteko hibridazioa proposatzen du. Orain bederatzi hilabeteetako sormen prozesua abiatuko dute, eta, behin amaituta, herritar guztiei aurkeztuko zaie.

Joan den martxoan Arrasateko Udalak eta Emakume Txokoak abian jarritako I. Sormen Beka Feministak baditu jada proiektu irabazleak. Deialdi honen bidez, sei proposamen aurkeztu dira guztira, eta epaimahaiak, deliberatu ondoren, bi proiektu hauen artean banatzea erabaki du 10.000 euroko laguntza.

Beka honen helburu nagusia sormen kulturala ikuspegi feminista eta intersekzional batetik indartzea da, emakume sortzaile berriei baliabideak eta aitortza eskainiz. Era berean, herriko kultur eskaintzan begirada feminista txertatzea eta sormena eraldaketa sozialerako tresna gisa erabiltzea bilatzen da.

Deialdiaren balorazio positiboa

Arrasateko Udalak eta Emakume Txokoak poz handiz hartu dute lehen aldiz plazaratutako beka deialdi honek izan duen harrera bikaina eta aurkeztutako lanen kalitate handia. Guztira sei proposamen aurkeztu dira deialdira, eta horietatik bi Arrasateko sortzaileek landutakoak izan dira. Modalitateari dagokionez, proposamenak bakarka zein taldean aurkeztu dira, eta hainbat arte-diziplina uztartu dituzte, besteak beste, arte plastikoak, bisualak, eszenikoak, performatiboak, ikus-entzunezkoak eta literarioak ukituz.

Epaimahaiak aurkeztutako proiektuen sendotasun eta kalitate handia azpimarratu nahi izan du, baita sormen-lanen izaera interpelatzailea ere. Sarituak izan diren lanak mobilizatzeko gaitasun handikoak dira, eta gogoeta sakona sustatzeko bitarteko oso iradokitzaileak izango direla aurreikusten da. Bestalde, gaurkotasun handiko gaiei heldu izana oso pozgarria eta garrantzitsua da antolatzaileentzat; izan ere, transfeminismoa, sexu- eta genero-disidentziak, eta orientazio sexualen inguruko hausnarketak bezalako gai zentralak urratuko dituzte saritutako sormen-lanek.

Lan eszenikoa eta instalazio artistikoa bekaren emaitza

Hauek dira hautatutako bi proiektuak eta haien sortzaileak:

  1. "Sexualitateko pedagogia ikusezinen interferentziak" – Itziar Nanclares de Gamboa

Proiektua instalazio artistiko gisa planteatzen da, eta hainbat hizkuntza uztartuko ditu, hala nola soinua, bideoa, argazkia, objektuak eta testu inprimatua. Lau pieza nagusiz osatuta egongo da (Naturaren interferentzia, Hitzen interferentzia, Iluntasunaren interferentzia eta Pedagogia ikusezinen orakulua).

Itziar Nanclares de Gamboak prentsaurrekoan bere hitzartzean adierazi duenez:

"Proiektu hau nire bizi-esperientziatik eta sexologo eta arteterapeuta gisa dudan esperientzia profesionaletik sortzen da. Urte hauetan ikusi dut gure sexualitatea eraikitzen goazela hainbat lekutatik jasotzen ditugun mezuez inguratuta: familian, eskolan, sare sozialetan, komunikabideetan, publizitatean, erlijioan, legeetan edota gure eguneroko harremanetan.

Ikerketa artistikoaren bidez, kultura sexual hori eta bertan sortzen diren interferentziak agerian jarri nahi ditut. Mezu batzuek mugatu egiten gaituzte edo agindu gisa funtzionatzen dute; beste batzuek, berriz, horiek zalantzan jartzen dituzte edo aukera berriak irekitzen dituzte; eta askotan mezu horiek elkarren artean talka egiten dute. Begirada transfeminista eta sexologiko batetik abiatzen naiz, kultura zisheteropatriarkala oraindik ere marko nagusia dela ulertuta; beraz, mezu guztiek ez dute pisu bera, ezta ondorio berberak ere.

Instalazioaren bidez, pertsona bakoitzak mezu horiek bere biografia sexuatuarekin lotzea gustatuko litzaidake: zein mezu barneratu dituen, zein jarri dituen zalantzan, zeinek mugatzen duten eta zeinek aukera berriak irekitzen dizkioten. Baina baita norberak zer mezu erreproduzitzen eta transmititzen dituen galdetzea ere.

Ez dut erantzun itxirik eman nahi. Egunero inguratzen gaituen kultura sexuala agerian jarri nahi dut, horretaz kontzientzia hartu, begirada kritiko batez aztertu eta zalantzan jarri ahal izateko. Nire ustez, hori lehen urratsa izan daiteke kultura sexual hori eraldatzeko eta sexualitatea askatasun eta aniztasun handiagoz bizitzeko aukerak zabaltzeko."

  1. "Desiraren gau asegabea" – Amaiur Macias Aranbarri

Amaiur Macias Aranbarriren proposamena memoria, desira eta sexu-askapena erdigunean jartzen dituen lana da. Kabaretaren eta teatro-dokumentuaren arteko hibridazioa proposatzen du, gure historiaren pasarte ahaztuak argitara ateratzeko.

Amaiur Macias Aranbarrik prentsaurrekoan bere hitzartzean azaldu duenez:

“Desiraren gau asegabea” memoria eta sexualitatearen gaiak zeharkatzen dituen kabaret-dokumental bat da. Fitxategi historikoa, musika eta mugimendu eszenikoaren bitartez, Salomeren historian barneratuko gara.

Lan honek historiaren zati bat berreskuratu nahi du. Moral onaren izenean ezabatutako kontakizun bat. Hitz gutxitan, obraren gaia II. Errepublikako emakume eta genero disidenteen memoria eta bizipenak eszenaratzea da. Kabaretetan eta antzokietan bizi zen askatasunaren, lizunkeriaren eta sentsualitatearen bidez, LGTBIQ+ emakume bat historiaren erdigunean jartzea, haren nahia eta gozamena aldarrikatuz. Pertsonaia hau aktore eta sexu-langilea izan zen, eta hainbat bizipen izan zituen berea zuen antzerki honetan. Bertatik igarotako pertsonaia arraro eta ausartek gizarte itogarri eta zikiratzailetik kanpo ospatzen zuten beren egunerokotasuna. Antzerkia prostituzio-etxe bat da. Bertan, emakume batek, puta batek, aktore batek, bere bizitzatik igaro ziren pertsonaia ahaztuak eta ezabatuak gogoratzen ditu. Baina gaur gauean zerbaitetaz konturatuko da, bere desira ez da inoiz lehentasuna izan eta mendeku pertsonal bat egingo du oroimenean eskua sartuz. Horrela, behingoz bere plazera gorpuztuko du abestien, memorien eta mamuen artean.

Ikerketak bi ildo nagusi zeharkatuko ditu: alde batetik, garaian jaio zen Higienismoaren korrontea ikertzea, besteak beste, “Alfer eta Gaizkileen legea” oinarrian duen korrontea delarik eta bestetik, soinu-espazioaren inguruko ikerketa. Bigarren honetarako, garaiko Kuplea eta gaur egungo Traparen arteko analogia eszeniko bat egingo dugu. Bien arteko antzekotasunak azaleratuz eta bi generoen arteko topaketaren bitartez sonoridade berri bat sortzeko xedez."

Bederatzi hilabeteko sormen prozesua abiatzear

Behin beka esleituta, bi sortzaileak proiektuak garatzeko prozesuan murgilduko dira orain. Sormen prozesu honek gehienez bederatzi hilabeteko iraupena izango du. Behin lana amaituta, herritarrek bi sorkuntza hauek zuzenean ezagutzeko aukera izango dute, proiektuaren oinarrietan zehazten denez, emaitza Arrasaten aurkeztu beharko baita lehen aldiz.

Ekimen honekin, Arrasateko Udalak eta Emakume Txokoak emakumeen ikusgarritasun artistikoan jauzi garrantzitsu bat eman nahi dute, sormena sustengatuz eta begirada kritiko zein eraldatzaileei ate berriak zabalduz.