LGTBIQ+ kolektiboak egitarau propioa izango du maiatzaren 17tik ekainaren 28ra, eragile ezberdinen arteko elkarlanari esker, “ikusgarriak gara” lelopean
2025/05/14
Lehendabiziko LGTBIQ+ egitaraua antolatu du Udaleko Emakume Txokoak, Morbor eta Miauren elkarlanarekin “Ikusgarriak gara” lelopean. Maiatzaren 17tik ekainaren 28ra bitartean 5 ekintza antolatu dituzte, “ekintza kulturalak, artistikoak, teknikoak eta aldarrikapen politikoak jasoko ditu lehendabizikoz elkarlanean osatu dugun egitarau honek”, azaldu du Eva Abuinek Feminismoak eta LGTBIQ+ zinegotziak. Kartelaren diseinua Miau Estudioak egin du.
“LGTBIQ+ politikak lehen lerrora ekartzeko konpromisoa hartu genuen Udal Gobernutik, eta horretan ari gara. Jakitun naiz alde guztiek esfortzu handia egin dutela lehendabiziko egitarau hau aurrera eramateko, eta esker mezua helarazi nahi diet Morborreko kideei. Udala bidelagun izango dute”. Horrekin batera, duela urtebete iragarritako diagnostikoaren emaitza ezagutzeko aukera izango dela aurreratu du Abuinek. “Urtebetez eragile eta norbanako askok parte hartu dute prozesuan, eta lan ikusezina bada ere, ikaragarrizko lana egin da, eta lanerako tresna oso aberatsa izango da datozen urteetan”.
Morbor eta Miauren mural pintaketarekin abiapuntua
Zapatu honetan abiatuko da egitaraua, Morbor eta Miau Estudioak antolatutako mural pintaketa parte hartzailearekin. Egun seinalatua aukeratu dute horretarako, maiatzaren 17a, LGTBIQ+fobien aurkako eguna. Morbor taldeko Arkaitz Agirrezabalek aurkeztu du ekimena. “Gaur egun, oldarraldi matxista, faxista eta atzerakoiaren aurrean, identitate guztien eta askeen aldarrikapena egin nahi izan dugu”.
Horretarako kiroldegiko igerilekuko kanpoko pareta aukeratu dute, “kiroldegiak bitartasunaren adierazle zorrotzak direlako, eta pertsona ez-bitarrek ez dutelako lekurik kiroldegietan ezta kirol taldeetan” adierazi du Agirrezabalek. Ekimena parte hartzailea izatea nahi dute antolatzaileek eta, horretarako, “musika eta bermutaz girotuko dugu goiza. Sortuko den espazio segurua izatea nahi dugu, horregatik, kolektiboko pertsona guztiak gonbidatu nahi ditugu ekimenera”. Muralaren diseinua Miau Estudioak egin du.
Diagnostikoaren aurkezpen ekitaldia
Arrasateko LGTBIQ+ diagnostikoa eta ekintza plana aurkeztuko dute publikoki ekainaren 13an Udal ordezkariek, Eihera kooperatibako kideek eta Morbor taldeak. Diagnosiaren hasiera iragarri eta urtebetera egingo dute herri aurkezpena. “Urtebetez dozenaka eragilerekin egindako lana aurkezteko hitzordua izateaz gain, Arrasateko LGTBIQ+ kolektiboari aitortza egiteko ekitaldia izatea nahi dugu. Horregatik, ekitaldiaren ondoren ekimen ludikoa antolatuko dugu. Eguna gerturatu ahala joango gara xehetasun guztiak ematen” azaldu du Emakume Txokoko berdintasun teknikaria den Amets Beltran de Guevarak.
Arkaitz Agirrezabalek, bere aldetik, prozesuaren aberastasuna nabarmendu nahi izan du. “Morborreko kideok prozesuan parte hartu dugu eta etengabeko harremana egon da Eihera eta gure artean. Guretzat oso prozesu aberatsa izan da, eta herriko bollera, marika, trans, ez-bitar eta queer guztiak Kulturatera gerturatzera animatu nahi ditugu, elkar topo egin, elkar ezagutu eta komunitate indartsu bat izateko”.
Halaber, Agirrezabalek, Udalaren “jarrera ona” azpimarratu du Morborrek egindako proposamenak bere egiteagatik. “Proposamen sorta bat aurkeztu genuen, tartean diagnosia egitearen proposamena, eta pozik gaude erantzunarekin” azaldu du. “Diagnostikoa eta ekintza plana egitea ezinbestekoa zen herriko egoera ezagutu eta lanerako urratsak definitzeko. Aurrerantzean, guztioi tokatuko zaigu lana egitea”.
Ekintza kulturalak: antzerki eta film laburrak
Bi kultur ekintza izango dira osotara egitarauan. Lehena maiatzaren 22an izango da, Xanti Agirrezabala Zeberioren “Satiro” antzezlanarekin. Maskulinitatea, desira, fantasia sexualak eta jarduera sexual ez normatiboak jorratzen ditu Agirrezabalak pieza eszeniko honetan, satiroaren figura ardatz hartuta. Satiroa, izan ere, sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia da: gizonezko lizun, likits, zantar eta haragikoia; basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena; ardoa edaten, jostatzen eta dantzan ibiltzen zena. Hitzordua maiatzaren 22an izango da, 19:00etan Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean. Sarrera doakoa izango da.
Bestetik, dagoeneko ohikoa bilakatu den Zinegoak Hedapena izango da Arrasaten, Bilboko LGTBIQ+ film laburren jaialdiko luzapena. 6 film ikusteko aukera egongo da, horietatik 3 Euskal Herrikoak izango dira, bat Brasildarra, beste bat AEBkoa eta azkena Espainiakoa. Hitzordua ekainaren 5ean izango da, 18:30ean Kulturateko Areto Nagusian. Ondoren luntx txiki bat izango da ikusitakoen inguruan solas egiteko.
Ekainak 28an, herriko plazan hitzordua
Egitarauarekin amaitzeko Morbor taldeak deitutako elkarretaratzea izango da ekainaren 28an, zapatua, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean. Hitzordua 12:30ean Herriko Plazan izango da.