Arrasate bizitegi-eremu tentsionatu izendatu dute, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta merkatuaren prezioak mugatzeko
2026/04/27
Arrasate, 2026ko apirilaren 27a. Gaur goizean Donostian egindako ekitaldian, Arrasate, Pasaia eta Zestoarekin batera, bizitegi-eremu tentsionatu izendatu dute ofizialki. Izendapen hau, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu ostean jarriko da indarrean, eta Arrasateko Udalari tresna juridiko berriak emango dizkio alokairuaren prezioak kontrolatzeko eta etxebizitza eskaintza publikoa zabaltzeko.
Maider Morras Arrasateko alkateak azpimarratu duenez, izendapen hau bi urteko lan tekniko eta politikoaren fruitua da. "Datuen arabera, etxebizitza eskubidea bermatzetik urrun dago, merkatuaren dinamiken mende egon baita orain arte. Izendapen honekin muga jarri nahi diegu dinamika horiei, etxebizitza bizitza duinerako oinarrizko zutabea baita", adierazi du alkateak.
Diagnosia: Prezioen igoera eta eskaintza falta
Udalak 2024-2025 urteen artean egindako diagnosiak egoeraren tentsioa berretsi du:
- Alokairuaren prezioa %23,9 igo da 2017 eta 2022 artean, eta %30,7 azken 13 urteetan, lurraldeko batez bestekoaren gainetik.
- Alokairuan bizi diren etxeen kopurua %87 handitu da hamarkada batean, baina eskaintza oso mugatua da oraindik (%13,9 soilik).
- Babes publikoko etxebizitzak parke osoaren %8,07 baino ez dira.
Diagnosi honek, Arrasate bizitegi-eremu tentsionatu izateko beharra frogatu du, eta arazoa konpontzeko ekintza plan bat garatu du Udalak.
Lau ardatzeko Ekintza Plana
Egoera honi aurre egiteko, Udalak Ekintza Plana diseinatu du, honako ardatz nagusiekin:
- Alokairu eskuragarria: Hurrengo 15 urteetan 1.000 etxebizitza babestu inguru sustatzea aurreikusten da. Horretarako, San Andres Berriko lursaila (2 milioi euroko balioa duena) Eusko Jaurlaritzari lagatzea aurreikusten da etxebizitza publikoak eraikitzeko.
- Berritzea eta hiri-berroneratzea: Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berrituko da eta etxe handiak zatitzea erraztuko da eskaintza merkeagoak sortzeko.
- Kontrola eta gobernantza: Alokairuaren prezioei muga jarriko zaie eta etxe hutsen errolda amaitzen ari da. Etxe hutsei kanon berezia aplikatuko zaie, urtez urte %10 igoko dena, jabeek etxeak merkatura atera ditzaten.
- Laguntzak eta hobariak: Gazteentzako alokairu laguntzak mantenduko dira eta jabeentzako zerga hobariak ezarriko dira, etxeak alokairu eskuragarrian jar ditzaten.
Ia 5 milioi euroko inbertsio konpromisoa
Udalak etxebizitza politikak indartzeko apustu ekonomiko sendoa egin du. Guztira, ia 5 milioi euro inguru bideratuko ditu etxebizitza-proiektu ezberdinetara. San Andres Berriko lursaila Eusko Jaurlaritzaren esku uzteaz gain, honek etxebizitzak egin ditzan, Udalak La Merced eraikina erosiko du 3 milioi euroren truke, bertan belaunaldiarteko etxebizitza eta zerbitzu proiektu bat garatzeko asmoz.
"Gaur ate berri bat zabaltzen zaio Arrasateri etxebizitza eskubide gisa aldarrikatzeko eta ez negozio gisa", amaitu du Morras alkateak.