Arrasateko Udal Bibliotekak lupa mota berriak jarri ditu herritarren eskura irisgarritasuna hobetzeko

2025/10/29
Card image cap
Irisgarritasuna eta kultura guztion eskura jartzeko konpromisoa erakutsi nahi du Udal Bibliotekak.

Arrasateko Udal Bibliotekak lupa mota berriak erosi ditu, bere zerbitzuak pertsona guztiengana irisgarriago egiteko eta irisgarritasunarekiko duen konpromiso sendoari eutsiz. Helburua da ikusmen arazoak dituzten pertsonek ere liburutegiko baliabide eta jarduerak eroso eta autonomiaz erabili ahal izatea.

Liburu bat irakurtzea edo informazioa kontsultatzea eguneroko jarduera ohikoak dira. Hala ere, ikusmen urritasunak dituztenentzat, ekintza horiek kulturarako eta ezagutzarako sarbidea mugatu dezaketen oztopo bihur daitezke. Gipuzkoan, 17.800 pertsonak baino gehiagok dute ikusmen urritasunen bat, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuen arabera.

Kulturarako irisgarritasuna hobetzen dituzten bi gailu

Hori kontuan hartuta, Udal Bibliotekak bi lupa tradizional eta bi lupa elektroniko eskuratu ditu.

  • Graduazio handiko bi lupa tradizionalek, lepoan zintzilikatzeko sistemari esker, adinekoei eta ikusmen arazoak dituztenei irakurtzeko esperientzia erosoa eta independentea eskaintzen diete.
  • Bi lupa elektroniko berritzaileek, berriz, testuen irudiak hartu eta automatikoki audio fitxategi bihurtzeko gaitasuna dute. Gailu hauek euskaraz eta gaztelaniaz irakurri eta testuak 30 hizkuntza baino gehiagotan itzultzeko eta irakurtzeko aukera ematen dute.

Lupa elektroniko hauek euskal enpresa batek garatu ditu, eta dagoeneko interesa piztu dute Euskal Herriko hainbat udal liburutegitan. Informazio gehiago eskuratu daiteke hemen: https://www.lup.es/eu/lupa.

Biblio lupa.jpg

Datorren astelehenetik aurrera erabilgarri

Lupa berriak azaroaren 3tik aurrera egongo dira erabilgarri Arrasateko Udal Bibliotekan. Erabiltzaileek aukera izango dute liburuak, egunkariak, informazio liburuxkak eta bestelako dokumentuak irakurtzeko, bai liburutegian bertan zein etxera eramanez ere.