Arrasateko Udalak 3,5 milioi euro gerakin bideratuko ditu hainbat proiektu gauzatzera
2026/10/06
Udal Gobernuak 3,5 milioi euroko kreditu aldaketa onartzea proposatu du, hurrengo urriaren 15eko Osoko Bilkuran onartzeko. Kreditu aldaketa onartzeko prozedura ezinbesteko urrats administratiboa da hainbat proiektu aurten egikaritzeko. Udal Gobernuak honako proiektuak hauek finantzatzeko kreditu aldaketa proposatu du:
-
Gorostiza igogailuaren lanak hasteko aurrekontua onartzea: 2.415.000€
-
Mugikortasun planari jarraiki, Gorostiza auzoko igogailuen proiektua idazteko proiektua abiarazi zuen Udalak 2025ean. Dagoeneko proiektua idatzita dago, eta proiektua gauzatzen hasteko partida da txertatuko dena, ia 2,5 milioi euroko partida. Modu honetan obren lehiaketa publikoa abiatuko da udazken honetan.
-
Santa Marina auzoko liburutegia handitzea eta Ludoteka berritzea: 550.000 €
-
Dagoeneko proiektua idatzita dauka Udalak, eta obrak egiteko lehiaketa publikoa abiarazteko diruz hornituko du partida. Helburua da Santa Marinako Biblioteka eta Ludoteka eraberritzea, auzoko zerbitzuak hobetzeko.
-
Kulturateko klimatizazio makina berritzeko: 90.000 € gehiago gehitzea. Guztira 190.000 €
-
Arrasateko Udalak Kulturateko klimatizazio sistemaren ordezkatze integrala burutuko du, epe luzerako zerbitzu duina bermatzeko. Hala jakinarazi zuen Udal Gobernuak irailaren 23an. Kreditu gehigarri honekin, 20 urte dituen makina erabat berritzea lehenetsi da. Dena ondo bidean, urrian lehiaketa publikoaren prozesu administratiboa igaro ondoren, lanak urtarrilaren amaieran hastea aurreikusten da.
-
Txiki-Txokoa handitzeko obrak egikaritzea: 35.000 € gehiago. Guztira 181.000 € inbertsioa.
-
Proiektu hau gauzatzeko lanak bi aldiz atera dira lehiaketa publikora azken urte eta erdian, eta bi deialdietan hutsik geratu da. Oraingoan obrak egikaritzeko diru partida handiagoa bideratuko da, eta behin kreditu berri hau onartuta, Udalak hirugarrenez aterako du lehiaketa publikora lanak exekutatzeko lizitazio prozesua.
-
Kirol saileko inbertsioak 220.000 € gehiago: Musakolako kiroldegian hainbat konponketa egin asmo dira. Horien artean honako hauek:
-
Padel eta tenis sabaiak konpontzea. Gaur egungo sabaiak itoginak ditu, berritu beharra dago.
-
Kiroldegiaren eraikinaren sabaian dauden itoginak konpontzea.
-
Kultur eta jaietako ekintzetarako 42.500 € gehiago.
-
Musakolako Herri Eskolarako: 20.000 €