Arrasateko Udalak eta SOS Arrazakeria Gipuzkoak Atzerritartasunaren araudiari buruzko saio informatiboen programa jarri dute martxan

2025/10/02
Card image cap
Hiru saio ezberdin eskainiko dira, migratzaileen ibilbidean suertatzen diren hiru une garrantzitsuri erantzuteko: iritsiera unea, lan eskubideak eta nazionalitatea.

Arrasateko Udalak eta SOS Arrazakeria Gipuzkoak elkarlanean, Atzerritartasunaren araudiaren inguruko saio informatiboen ziklo bat abiatuko dute, gai horren inguruko informazio praktikoa eta gizarterako hausnarketa eskainiz. Helburua ez da soilik araudia azaltzea, baizik eta migratzaile askok bizi dituzten oztopo eta eskubideen inguruko errealitateari buruzko ikuspegi kritikoa eta pedagogikoa eskaintzea ere.

Zikloak urtean zehar gai zehatz eta eguneratuak landuko ditu, testuinguruaren eta momentuaren arabera. Atzerritartasun Legearekin loturiko prozedura legalak azalduko dira, baina baita migratzaileen gizarteratze eta laneratze prozesuetan eragina duten bestelako alderdiak ere.

“Udaletik argi dugu pertsona migratuen ahalduntzea eta ongizatea sustatzeko eskura ditugun tresna eta baliabide guztiak jarriko ditugula. Konpromiso hori nabarmen islatu genuen 2023an onartu genuen Bizikidetza eta Aniztasunaren II. planean, eta lanean ari gara” azaldu du Jasone Giraldok, Ongizate zinegotziak.

Migratzaileen ibilbide juridiko eta pertsonalean zentratuta

2025eko edizioak Espainiako Estatuan migratzaileek igarotzen duten ibilbide juridiko eta pertsonalari buruzko begirada praktiko eta irisgarri bat eskainiko du, hiru une nagusi aztertuz:

  • Iritsiera unea: bizileku edo lan-baimenik gabe daudenean irekitzen diren aukerak.
  • Lan eskubideak: bereziki etxeko eta zaintzako atzerritar jatorriko langileen egoera, prekarietateak eta eskubideen aitorpenaren aldeko borroka azpimarratuz.
  • Nazionalitatea: gizartean sustraitzeko eta parte hartzeko prozesuaren atal gisa.

Hiru formazio saio, hiru une garrantzitsuri aurre egiteko

Formazio saioak SOS Arrazakeria elkarteak emango ditu, eta horren ordezkari gisa, azalpenak eman ditu June Davila teknikariak. Geratzeko etorri diren formazio hauek, urtetik urtera foku ezberdina izango dute, eta aurten, honako saio hauek eskainiko dira:

  • Urriak 8: "Vivir y migrar con nuevas reglas: análisis del reglamento de extranjería"
  • Azaroak 5: “Derechos de las trabajadoras de hogar”
  • Abenduak 4: "De extranjeras a ciudadanas: el camino hacia la nacionalidad"

Saio guztiak Kulturateko Jokin Zaitegi gelan izango dira 18:00etan. Ekimen honek, ikuspegi juridikoa eta soziala uztartuz, migratzaileen eskubideei buruzko ezagutza eta hausnarketa bultzatu nahi ditu, gizarte bidezkoago eta inklusiboago baten alde.

Atzerritartasunaren inguruan berbetan_.jpg