Arrasateko Udalak herriko establezimenduak Covid-19aren aurrean beharrezko diren higiene eta babes neurrietara egokitzeko diru-laguntza lerroa jarri du abian

2020/09/16
Card image cap
Programa honekin Udalak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko material erosketak edo inbertsioak lagunduko ditu, gehienez, %50a finantzatuko du, 500€ arte enpresa edo elkarte bakoitzari.

Arrasateko Udalak herriko establezimenduak Covid-19aren aurrean beharrezko diren higiene eta babes neurrietara egokitzeko diru-laguntza lerroa jarri du abian. Laguntza hau #TxikiakegitengaituHaundi kanpainaren baitan kokatzen da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak txikizkako merkataritza eta ostalaritza sektoreetako autonomo eta EPEen jarduera ekonomikoa bultzatzeko, eta COVID-19aren eragina minimizatzera Udalei bideratutako lerrotik finantzatuko da. Xehetasunak Maria Ubarretxena alkateak eta Imanol Lasa Garapen Ekonomikoa, Turismoa eta Landa Inguruneko Foru Diputatuak eskaini dituzte prentsa agerraldian. Bertan izan dira ere Ibai-Arte merkatari elkarteko ordezkariak.

Diru-laguntza lerro honen helburua da  COVID 19ko pandemiagatik beharrezkoak diren higiene edo eta babes neurri bereziak ezartzeko herriko saltokiek egin duten eta egingo dituzten material erosketak eta inbertsioak finantzatzea. Laguntzak euren zerbitzua emateko bezeroak aurrez-aurre artatzen duten establezimenduei zuzenduak daude, COVID 19ri lotutako  alarma egoeran itxita egon direnak, edo eta zabalik egon direnak baina aurreko urteko epealdi berekoarekin alderatuta,  gutxienez,  %40ko fakturazio beherakada jasan dutenak.

Laguntza lerro honen bitartez diruz lagunduko dira COVID 19 pandemiagatik publikoa artatzeko establezimenduan ezarri beharreko higiene edo eta babes neurri berezi berriekin lotutako halako produktu, ekipo edo eta instalazioen gastuak:  

  • BEP (babes ekipo pertsonalak).
  • Espazioak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak.
  • Salgaiak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak.
  • Bezeroak eta establezimenduko langileak babesteko instalazio eta ekipo bereziak.
  • COVID 19 pandemiagatik publikoa artatzeko establezimenduan ezarri beharreko higiene  edo eta babes neurri bereziekin lotutako bestelakoak.

Programa honek lagunduko ditu 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko material erosketak edo inbertsioak. Gehienez, %50a finantzatuko du, 500€-ko mugarekin enpresa edo elkarte bakoitzagatik. 

Eskaerak telematikoki izapidetu daitezke www.arrasate.eus -en edota BAZen. Eskaera epea irailaren 18etik urriaren 18ra artekoa izango da.

"Ziurgabetasun egoera batean aurkitzen gara; covid-19aren inpaktu-mailak gidatuko du etorkizun hurbila eta prest agertu behar gara eskenatoki ezberdinetan. Hitz gakoa suspertzea da. Elkarrekin lan egin behar dugu enpresa txiki eta autonomoen konfiantza sustatzeko, tokiko kontsumoa bultzatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko, eta, gainera, Covid-19ak eragindako egoera honetatik ikasi behar dugu, gure eragile ekonomikoak hobeto babesteko. Bat eginik soilik egingo dugu aurrera" berretsi du Maria Ubarretxenak.

Imanol Lasa diputatuak, berriz, gogorarazi du  merkataritza txikiak eta ostalaritzak Gipuzkoako ekonomian “pisu eta garrantzi handia” dutela: “Barne Produktu Gordinaren % 16a baino gehiago dira, zerbitzuetako enpleguan 40.000tik gora lanpostu sortzen dituzte, eta beste sektore batzuk dinamizatzeko gaitasun handia dute. Krisi bereziki gogorra ari dira pairatzen, ordea, eta errekuperazioa beste sektore batzuetan baino motelagoa izango da”. Hori horrela, ezinbestekotzat jo du epe motzean “arnasa eta babesa” ematea Covid-19ak gehien kaltetutako jarduerei, “enpleguari ahal den neurrian eutsiz”, eta baita ere, epe ertainean, “ekonomia ehunaren eraldaketa prozesua azkartzea, industriarena bereziki, lehiakortasuna eta ongizatea estuki lotuta baitaude”. Ildo horretan, adierazi du besteak beste Foru Aldundiak 75.000 euroko dirulaguntza eman diola Debagoieneko Mankomunitateari, Sustatu Debagoiena ekimena garatu dezan. “Oso garai gogorrak datoz. Eusteko unea da. Baina aurrera aterako gara, Gipuzkoak berezkoak dituen balioei helduta, elkarlanari eta elkartasunari, batik-bat”, amaitu du.

 

#TxikiakEgitengaituHaundi kanpainaren baitan

Zuzeneko laguntza hau Arrasateko Udalak onartutako #TxikiakegitengaituHaundi salbuespenezko neurrien planaren barruan kokatzen da, koronabirusaren pandemiak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko.

Kanpainak hiru lan-ildo ditu: 450.000 euroko kontsumo bonoak (300.000 euro finantzatzen ditu Udalak), zeinen bigarren sortaren salmenta jada abian den, bertako saltokietan kontsumitzeko sentsibilizazio kanpaina, eta itxita egon diren edo zerbitzu minimo bat eskaini duten 15 langile edo gutxiagoko enpresei 2020ko lehen sei hilabeteetako ur, zabor eta mahai eta aulkien tasak ez kobratzea. Orain, Udalak Covid-19aren aurrean segurtasun eta babeserako materialaren erosketa finantzatzeko laguntza lerroa gehitu du.