BEGIRADA ALDATU, HIRIA ERALDATU! Arrasatek genero-ikuspegitik egingo du hiri-diagnosia

2025/10/01
Card image cap
Azterketa herritarren parte hartzearekin eta analisi teknikoarekin osatuko da. Prozesuak urtarrila-otsaila bitarte iraungo du, eta, Udalak, herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera.

Arrasateko Udalak martxan jarri du “BEGIRADA ALDATU, HIRIA ERALDATU! Arrasateko hiri-diagnosia genero-ikuspegitik” proiektua. Ekimen hau udalerriko hirigintza-plangintzan genero-ikuspegia txertatzeko konpromisotik sortu da, hiri anitzago, zaintzaileago eta iraunkorragoa eraikitzeko asmoz.

Diagnosiaren bidez, Arrasateko espazio publikoek herritar guztien aniztasunei eta beharrei zenbateraino erantzuten dieten aztertuko da. Lortutako ondorioek lagunduko dute Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren ikuspegiarekin bat datorren hiria diseinatzen.

Herritarren parte-hartzea erdigunean

Prozesuak hainbat fase izango ditu, herritarrek parte hartzeko aukera zabalarekin:

  • Inkesta herritarra: urriaren 1etik 31ra bitartean, online egin ahal izango da:
  • Informazio-puntu ibiltariak eta mapaketa kolektiboak: urriaren 3an, 6an eta 7an herriko hainbat gunetan.
  • Auzoka esplorazio-ibilbideak: urrian zehar, espazio publikoak bertatik bertara aztertzeko (irisgarritasuna, mugikortasuna, topaguneak…). Honako hauek izango dira hitzorsuak:
    • Alde Zaharra, Feriala, Txaeta, San Andres auzoak: Urriak 21 - 18:00 - Jokin Zaitegi gela, Kulturate
    • Altamira, Santa Marina, Santa Teresa, Musakola auzoak: Urriak 22 – 18:00 Toki Argi - Jubilatuen etxea (Agerre kalea 2 - Santa Marina)
    • Zarugalde, Gorostiza, Uribarri, Uribe, Munar auzoak: Urriak 28 – 18:00 Uribarriko jubilatuen etxea (Usaetxe plaza 4, 4B)
    • Landa-eremuko auzoak: Urriak 29 – 18:00 Loramendi Gela, Kulturate (Ez da esplorazio-ibilaldia izango)
  • Tailer parte-hartzaileak: azaroan, diagnosian ateratako ondorioak partekatzeko eta proposamen berriak jasotzeko.
  • Zirriborroaren aurkezpena: urtarrilean, herritarren azken ekarpenak jasotzeko.

Metodologia bikoitza

Lan-prozesuak bi norabide uztartuko ditu:

  • Analisi teknikoa (datu kuantitatiboak, planoak, behaketak…).
  • Ikuspegi parte-hartzailea (herritarren iritziak, inkestak, ibilaldiak, tailerrak…).

Horien uztarketatik sortuko da diagnosia eta etorkizuneko hirigintza-eredurako proposamen zehatzak.

Herritarrei gonbidapena

Udalak herritar guztiei luzatzen die parte hartzeko gonbita, baina bereziki zaintzan aritzen direnei, emakumeei, disidentziei, gazteei, haurrei, adinekoei eta, oro har, espazio publikoa egunero modu intentsiboan erabiltzen dutenei. Haien esperientziak eta begiradak funtsezkoak izango dira herriaren etorkizuna eraldatzeko.

Informazio zehatza (egutegia, lekuak, ordutegiak eta parte hartzeko moduak) eskuorri honetan aurkituko duzue.

Zeharkatuz_generoa_low.jpg