Debagoieneko mugikortasunaren diagnostiko teknikoa aurkeztu du Debagoieneko Mankomunitateak

2026/05/13
Card image cap
Azken hilabeteetan Debagoieneko mugikortasunaren diagnostikoa lantzen jardun du Debagoieneko Mnakomunitateak, eskualdeko mugikortasun errealitatea datu eta ikuspegi teknikoetatik aztertzeko helburuz. Intra Trafiko Ingeniaritza S.L enpresak egin du lanketa teknikoa.

Debagoieneko udalak tokian toki egiten ari diren mugikortasun lanketen osagarri izan gura duen azterketa da. Azterketa honek balio izan du orokorrean, herritarrek pertzibitzen dutena, datu teknikoekin jasotzeko, besteak beste: herrien arteko joan-etorriak, garraio sarearen eraginkortasuna eskualdeko mailan edota azpiegituren lehentasunak. Modu horretan, diagnostiko partekatuarekin, etorkizuneko lanketa eta erabakiak partekatzeko oinarri komun bat finkatu da.

Mugikortasun eredu zaharkitua berritzeko erronka

Diagnostikoak Debagoieneko mugikortasunaren argazki osoa eskaintzen du: nola mugitzen diren bailarako herritarrak, zergatik mugitzen diren horrela eta zein aldaketak egingo luketen mugikortasuna jasangarriago, bidezko eta eraginkorrago.

Besteak beste, honako ondorio hauek utzi ditu diagnostikoak:

  • Eskualdeko bi abiadura: Debagoiena ez da homogeneoa mugikortasunari dagokionez; ardatz nagusian (Eskoriatza-Aretxabaleta-Arrasate-Bergara) eta periferiako udalerrien artean (Leintz-Gatzaga, Aramaio, Elgeta, Antzuola). Azken hauek autoarekiko mendekotasun handia dute, udalerri barruko autosufizientzia %10era ere iristen ez delarik.
  • Mugikortasunaren paradoxa: udalerri barruko desplazamenduetan oinezkoak dira nagusi (%65-%75 artean), baina herri batetik besterako nahitaezko joan-etorrietan (lana edo ikasketak) autoaren erabilera nabarmen igotzen da, %25 eta %54 artean kokatu arte.
  • Sarearen hiperzentralizazioa eta saturazioa: eskualdeko garraio publikoa Arrasaten zentratutako sistema erradial gisa diseinatuta dago; 23 lineatatik 19 bertatik igarotzen dira eta udalerri horrek eskaera osoaren %43,3 jasotzen du. Horrek nodo nagusia saturatzen du eta bertako edozein atzerapen sare osora zabaltzen da.
  • Bizikleta aisialdira mugatuta: ardatz nagusian azpiegitura egon arren, herritarrek aisialdiari lotzen diote gehienbat eta ez lanerako bideari; horren arrazoien artean daude geltokietan aparkaleku segururik ez egotea edo bizikletak autobus interurbanoetara igotzeko araudia.
  • Lau arrakala estruktural: diagnostikoak lau desberdintasun nagusi identifikatu ditu planak heldu beharrekoak: lurralde-arrakala (periferiaren isolamendua), arrakala soziala (autoa ez dutenen bazterketa), genero-arrakala (emakumeen bidaia konplexuagoetara ez egokitzea) eta arrakala digitala (adinekoentzat teknologia oztopo bilakatzea).

Erakundeen arteko lankidetza eta konpromisoa helburu

Ikerketa hau egitea ez da helburu bat izan bere horretan, aldaketak oinarri teknikoen gainean egiteko abiapuntua besterik ez da. Debagoieneko Mankomunitateak argi du bailarak jauzi bat egin behar duela mugikortasunaren alorrean, eta horretarako prest dagoela bide horretan lidergoa hartzeko. Diagnostikoa egitea lehen urratsa zen; orain, ondorioak agenda politiko eta instituzionalaren erdigunean jartzea da erronka.

Ikerketak argi uzten du mugikortasun jasangarriak administrazio ezberdinen lankidetza eskatzen duela —Udalak, Mankomunitatea, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza— eta inbertsio eta kudeaketa erabakiek lurralde kohesioan duten eragina.

Horregatik, txosten tekniko hau hainbat eragile zein erakunderi aurkeztuko zaie, elkarlanerako gonbidapena eginez, Debagoieneko Mugikortasun mahaia sortzeko helburuz. Esaterako, datozen asteetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkartuko dira eskualdeko Udaleko arduradunak, aipatutako txostena aurkezteko asmoz.