Debagoieneko udalek "bakardadearen korapiloa askatzeko dekalogoa" aurkeztu dute, eskualdeko etxe guztietara iritsiko den gida praktikoa
2026/05/05
Debagoieneko Mankomunitatea osatzen duten udalek "Debagoiena Ehuntzen: Bakardadearen korapiloa askatu" proiektuaren baitan sortutako dekalogoa aurkeztu dute gaur. Eskualdeko ongizate zinegotziek herritarrei zuzendutako gida eta laguntza-tresna berri hau aurkeztu dute. Kontsultatu hemen dekalogoa.
Erantzukizun kolektiboa eta komunitarioa
Proiektu hau Hariak Estrategiaren I. Ekintza Planaren (2022-2027) barruan kokatzen da, eskualdeko herrien erronka eta ardurez jabetuta indarrak batzeko helburuarekin. Jasone Giraldok azaldu duen bezala, helburua bakardadeei aurre egiteko ekosistema bat eraikitzea da, eragileen koordinazioa ahalbidetuz.
“Bakardadea ez da adin kontua edo arazo indibiduala; esperientzia pertsonal baina unibertsala da, eta gizarte osoaren ardura da. Bakardadea prebenitu eta arindu egin daiteke, baldin eta komunitatea mobilizatzen bada eta elkar zaintza aktibatzen bada” azaldu dute.
10 gomendio bakardadeari aurre egiteko
Aurkeztutako dekalogoa etxez etxe banatuko da Debagoieneko etxe guztietan, herritarrei tresna arin eta erabilgarri bat eskaintzeko. Herritarren parte-hartzetik jasotako 10 gomendio biltzen ditu gidak:
- Hasieratik hasi: Bizikidetza-arauak berreskuratu eta sustatu, agurtuz eta atsegina izanez.
- Inguruko pertsonei begira egon: Bizilagunak nola dauden galdetu eta elkar ezagutzen lagundu.
- Dauzkagun harremanak hobetu: Aurreiritziak alde batera utzi eta taldeak edo koadrilak ireki.
- Laguntza praktikoa eskaini: Erosketekin, mediku-kontsultekin edo tramiteekin lagundu.
- Besteei entzun: Irtenbide azkarrak eman gabe, besteei adierazten utzi eta ulertzen saiatu.
- Elkarri laguntzeko harremanak sustatu: Boluntario gisa jardun edo laguntza eskatu.
- Zaurgarritasunaren estigma apurtu: Behar duguna normalizatu eta mina dagoenean isiltasuna onartu.
- Bakardadea ulertu: Bakardadea-zahartzaroa binomioa hautsi, gazteei ere eragiten baitie.
- Pausu bat eman: Bakarrik dagoenari planak eskaini edota guk geuk laguntza eskatu.
- Herriko bizitzan parte hartu: Elkarteetan aktibo izan eta etorri berriei ongietorria eman.
"Zuk zein pieza jarriko duzu?"
Agerraldia amaitzeko, udal ordezkariek gogoetarako galdera bat luzatu diete herritar guztiei: "Bakardadearen korapiloa askatzeko, zein pieza jarriko duzu zuk?". Zentzu horretan, nabarmendu nahi izan dute: “orain arte egindako lanketek erakutsi digute bakardadea saihestezina dela. Baina prebenitu eta arindu egin daitekeela, baldin eta komunitatea mobilizatzen bada, topaguneak sortzen badira, une zailak igarotzen dituztenei laguntzen bazaie eta pertsonen autonomia eta ongizate emozionala zaintzen badira. Bakardadea gai kolektiboa da, beraz, erantzuna ere bai”.