Haurren Kontseiluak ikasturte berriari hasiera eman dio: elkar ezagutza, parte-hartzea eta Arrasate hobetzeko ideiak ardatz
2025/11/12
Elkar ezagutzan oinarrituta
Saioari hasiera emateko, parte-hartzaileek biribilean eseri eta Kontseilura ongietorria jaso dute, saioaren egitura azalduz. Ondoren, “Zer moduz nator?” erronda eta “Izenen mataza” bezalako jardueren bidez elkar hobeto ezagutzeko aukera izan dute, eta bakoitzak bere izenaren txapa sortu du taldearen parte izatearen seinale gisa.
Atsedenera jo aurretik, galdera-erantzun jolasean parte hartu dute, honako galderen inguruan hausnartuz:
- Non hartzen dira Arrasate hobetzeko erabakiak?
- Nortzuk hartzen dituzte?
- Zein adinetakoak dira pertsona horiek?
- Eta garrantzitsua al da haur eta nerabeen begirada erabaki-gune horietan egotea?
Txikilandiarako ideiak
Saioaren bigarren zatian, Txikilandiako lantaldeko bi koordinatzailek bisita egin dute, 2026ko ediziorako ideiak eta proposamenak jasotzeko. Bideo baten bidez Txikilandia zer den azaldu dute, eta haurrek euskarri ezberdinen bidez euren ekarpenak plazaratu dituzte. Gainera, ikastetxeetan gelakideen iritziak jasotzeko lana ere eraman dute etxera.
Herria hobetzeko proposamenak
Saioa amaitzeko, Kontseiluko partaideek Arrasate hobetzeko lehen proposamenak bildu dituzte, eta hurrengo saioan Udaleko ordezkariei —Alkateari eta zinegotziei— aurkeztuko dizkiete.
Udalak nabarmendu du Haurren Kontseilua parte-hartzearen eta hezkuntza demokratikoaren tresna baliotsua dela, eta herriko haurrek “beren ikuspegitik Arrasate hobetzen laguntzeko duten konpromisoa” eskertu du.
“Haurren ahotsa entzutea gure herria eraikitzeko funtsezkoa da. Haien begirada fresko eta konprometituak asko du aportatzeko”, azpimarratu dute Arrasateko Udaletik.