Oreixe Akustikoa musika zikloaren XVII. edizioa irailaren 5etik 14ra izango da, sei emanaldirekin

2025/07/23
Card image cap
Sarrerak salgai daude arrasate.eus-en edo egunean bertan JAMEn.

Urteroko zuzeneko musika emanaldi akustikoak bueltan dira Arrasaten. Aurtengoarekin OREIXE Akustikoaren XVI. edizioa izango da, urteroko arrakasta errepikatzeko asmoz. Hemen egitarauaren eskuorria.

 

Sarrerak online eta leihatilan

 

Emanaldi bakoitzerako sarrerak https://amaiaarrasate.janto.es helbidean eskuratu ahalko dira, eta egunean bertan emanaldi bakoitzaren aurretik leihatilan. Sarrera bakoitzaren prezioa 5 €-koa izango da.

 

Egitaraua egunez-egun

 

  • Irailaren 5ean, ostirala, 19:30ean - Antuxuna

 

Antuxuna Nagore Etxabe Etxabe-ren bakarkako proiektua da. Musikari ipurtarin honek, talde ezberdinetan bateria, txalaparta zein baxua jotzen diharduenak, bakarkako bideari ekin dio euskal kultura eta teknologia uztartzeko gogoarekin.

 

Antuxunak proposatzen diguna ikus-entzunezko emanaldia da, euskal kantutegi zaharraren birmoldaketa elektroniko eta guztiz digitala, zuzeneko musika, LED argiak eta proiekzioak uztartzen dituena. Hots, folk teknologikoa: estetika, egiteko modu eta sonoritate finko bat duen folklore instituzionalizatutik haratagoko proposamena.

 

  • Irailaren 6an, larunbata, 19:30etan - Sandra Monfort

 

Tradizioa eta abangoardia. Antzinakotasuna eta etorkizuna. Ukimen organikoa eta arima digitala.

Nortasun errotua eta begirada irekia. Sandra Monforten (Pedreguer, 1992) ibilbidea, Marala hirukotean izan zuen funtsezko paperagatik ere ezaguna, kontrarioen harmonia horren gainean eraiki zen. Berea figura berezia, handinahia eta askea da, oroimenaren pisua oraingo testurekin eta biharko intuizioekin egituratzeko gai dena.

Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko elkargunea artista askorentzat eremu komun bihurtu den une honetan, Monfort ez da formula estetiko erakargarriekin konformatzen. Bere lana haratago doa: musika-ondarea indar bizi, disruptibo eta sakonki pertsonal bihurtzen du. Horrela, asmo handiko diskurtso ozen bat ehuntzen du, nortasunez eta sakontasun emozionalez betea, non erabaki artistiko bakoitzak ikuspegi propio, argi eta ausart bati erantzuten dion.

 

 

 

  • Irailaren 7an, igandea, 19:30etan - Florist + Hanna Frances

 

Florist New Yorkeko indie folk banda bat da, Emily Sprague buru duena. Ahots hipnotiko eta delikatua du, eta emozio- eta zentzumen-egoera ezberdinetan barrena bidaia batean murgiltzen gaitu. Nekez argitara ematen diren gaiez hitz egiteko ahalegina, hala nola penaz edo minaz. Une batzuetan Cat Power edo Coco Roise gogorarazten duten konposizioak dira, geruza askotako musika oparo eta sakon baten bidez. "Jellywish" disko berria aurkeztuko dute zuzenean.

 

Hannah Frances abeslari, gitarrista eta konpositorea da, eta dolua eta naturarekiko lotura aztertzen ditu, prozesu katartikoen bidez sendatzea bilatuz. Bere abestiek galera, trauma eta autoaurkikuntza gaiak jorratzen dituzte, folk abangoardista, rock progresiboa eta jazza uztartuz. "Keeper Of The Sheperd" disko ospetsuaren berri emango du akustikoan.

 

  • Irailaren 12an, ostirala, 19:30etan - Airu

 

Sentimentalismoa, melodia itsaskorrak eta ahots sakona dira Bilboko airu bandaren hiru zutabeak. Bilbon sortu zen, 2018an, eta estatu mailako musika alternatiboan posizionatzea lortu du, Mondosonoro, Neo 2 edo Movistar+ bezalako bitartekoek aitortua izan delarik. Orain EP berria aurkezten dute: "NIK EZ DAKIT EZER! NADA!!!", bost abesti berri, soinu elektronikoago eta imajinario estetiko ilunago baterantz jotzen dutenak, baina beren letra argitsuen eta erritmo dantzagarrien esentzia mantenduz. Pop malenkoniaren belaunaldi-oihu bat.

 

Taldeak bere zuzenekoa lurralde nazional eta europarretara hedatzen jarraitzen du Frantzia eta Ingalaterrara eramango dituen bira berri batekin.

 

  • Irailaren 13an, larunbata, 19:30etan - Star Trip

 

Star Trip power rock talde valentziarra da, eta Big Star, Gin blossons edo Teenage Fanclub estiloko abestiak egiten dituzte maite dituzten beste talde batzuen zerrenda luze baten artean. 2015ean egin zuten debuta izen bereko disko batekin, eta 2019an bigarren bat egin zuten, "Salto al vacío" izenekoa. Bere ibilbidean zehar Cooper, La Granja, Los Hermanos Dalton eta The Posies, Model Rockets edo Ken Stringfellow taldeekin jo izan dute. "Velocidad" aurkezten dute, ordu erdi pasatxoan bere bertute guztiak biltzen dituen disko berria: gitarra elektrikoen energia, argiz betetako leloak eta ahots harmonia distiratsuak.

 

  • Irailaren 14an, igandea, 19:30etan - “Neguko izarrak” - Peru Altube Kazalis

 

“Neguko izarrak”, Peru Altube Kazalisen bateria ikasketetako gradu amaierako lana aurkezteko prestatutako emanaldia da. Proiektu hau natura eta bere lau elementuetan (sua, ura, lurra eta haizea) oinarritutako lan kontzeptuala da, eta konposizio originalez gain, Xabier Leteren "Izarren Hautsa" eta Mikel Laboaren "Negu Hurbilak" kantuen moldaketak jasotzen ditu, bizitzaren hasiera eta amaiera sinbolizatuz. Emanaldi honetan jazza eta Euskal kultura uztartzen dira ikuspegi pertsonal eta emozional batetik, eta inprobisazioa elementu garrantzitsua bada ere, Peru Altuberen ibilbidean konposatutako melodia eta erritmoak izango dira oinarri.