Zirkulazio Ordenantza berria izango du Arrasatek, mugikortasun seguru eta jasangarriago baten alde

2026/03/10
Card image cap
Helburua da herriko bideak segurtasunez partekatzea, erabiltzaile guztien arteko bizikidetza hobetuz. Berritasun nabarmenena Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen arautzea da, hain zuzen, patinete elektrikoak. Gutxieneko adina 16 urte izango da, eta gehienezko abiadura 25 km/h. Udalak aurreikusten du iraila eta urria artean sartuko dela indarrean, eta, ordurako, sozializazio eta kontzientziazio kanpaina bat jarriko du martxan, iraileko Mugikortasun Astearekin batera.

Arrasateko Udalak Zirkulazio eta Hiri Bideen Erabileraren Ordenantza berria prestatu du, udalerriko kale eta espazio publikoetan mugikortasuna modu argiagoan, seguruagoan eta eguneratuagoan arautzeko helburuarekin.

Ordenantza berri honek mugikortasun eredua  gaur egungo errealitatera egokitzen du, garraio modu berriak txertatuz eta espazio publikoa modu orekatuan banatuz. Helburua da trafikoaren segurtasuna indartzea, istripuak prebenitzea eta herritarren arteko bizikidetza sustatzea.

Gainera, arauaren idazketa pedagogikoagoa egin da. Ordenantza erabiltzaileen eta ibilgailuen tipologian oinarrituta antolatu da, eta horri esker edukia sinplifikatu eta kontsulta erraztu egin daiteke. Horrela, herritarrek errazago ulertu eta aplikatu ahal izango dute. Udalak egindako proposamena ostegun honetan bozkatuko da Osoko Bilkuran.

Erabiltzaile eta ibilgailu guztien arauketa: oinezkoetatik hasi eta gainerako ibilgailuetararte

2014koa da egun indarrean dagoen ordenantza, eta ordutik asko aldatu dira mugitzeko bitartekoak. Horren adibide da gaur egun oso hedatuak dauden patinete elektrikoak. Baina ez hori bakarrik, ordenantzak mugikortasun modu guztiak arautzen ditu, oinezkoetatik hasi eta ibilgailu motordunak arte. Izan ere, guztien arteko ardura eta elkarbizitza bermatzea nahi du ordenantzak, segurtasuna eta erabilera egokia sustatuz. Honako mugikortasun mota hauek arautzen dira:

  • Oinezkoen zirkulazioa
  • Ziklo eta bizikleten erabilera
  • Patin eta monopatinen zirkulazioa
  • Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak (MPI), hala nola patinete elektrikoak
  • Motozikletak eta ziklomotorrak
  • Gainerako ibilgailuak

Kasu askotan, zirkulazio-baldintza zehatzak ezartzen dira, baita pertsona eta salgaien garraioari buruzko arauak ere. Horrekin guztiarekin, ibilgailuei buruzko zalantzak modu argiagoan islatu dira arauan, haren ulermena errazteko.

Isunei dagokionez, arau-hauste arinek 80 euroko isuna izango dute, arau-hauste larriek 200 euroko isuna, eta arau-hauste oso larriek 500 eta 1000 euro arteko isunak, larritasunaren arabera.

Berritasun nagusia: Ibilgailu Pertsonal berrien arauketa

Ordenantzak lehen aldiz modu zehatzean arautzen ditu Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak (MPI), hala nola patinete elektrikoak. Gailu hauek gero eta presentzia handiagoa dute kaleetan, eta horregatik arau argiak ezarri dira haien erabilerarako. Arrasaterako neurri propioez gain, ordenantza honetan txertatu da indarrean sartu berri den arautegi estatala ere, jasota geratu dadin patineteen erabilera.

Honako baldintza nagusiak ezartzen dira patinete elektrikoen erabilera egokirako:

  • 16 urtetik gorakoek soilik erabili ahal izango dituzte.
  • Gehienezko abiadura 25 km/h-koa izango da (edo 10 km/h-koa oinezkoen gune baimenduetan).
  • Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
  • Debekatuta egongo da espaloi, plaza eta lorategietan zirkulatzea.
  • Erabiltzaileek erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute.
  • Ezingo dira bi pertsona ibilgailu berean joan, eta ezin izango da telefono mugikorra edo entzungailurik erabili gidatzean.

Halaber, patin eta monopatin konbentzionalen erabilera ere arautzen da, batez ere oinezkoekin partekatutako espazioetan segurtasuna bermatzeko.

Oinezkoen eskubide eta betebeharrak

Oinezkoen lehentasuna bermatu nahi izan du ordenantzak, eta horretarako eskubide batzuk ezartzen dizkie oinezkoei: espaloiak eta oinezkoen guneak esklusiboak dira oinezkoentzat, eta mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasun absolutua dute (gurpil aulkiak oinezkoekin partekatzeko). Bestetik, betebeharrak ere izango ditu oinezkoak, izan ere, ezingo du galtzada edozein lekutatik gurutzatu, soilik zebra bide edota bizitegi guneetatik. Horrez gain, oinezkoek debekatuta izango dute bidegorrietatik ibiltzea.

Ikastetxeetarako babes berezia

Ordenantzak ingurune eta ikastetxeetarako berariazko baldintzak ezartzen ditu, herriko haur eta gaztetxoen segurtasuna lehenetsiz. Eskola-inguruneetan trafikoa lasaitzeko neurriak, seinaleztapen berezia eta babes-neurriak aurreikusten dira, gazteen segurtasunaren aldeko apustu argi baten baitan.

Ardura konpartitua

Garazi Etxeberria zinegotziak azaldu du, mugikortasun arauak guztiok errespetatzeko eginak direla, elkarbizitza orekatu eta seguruago bat bermatzeko. “Guztion ardura da hau errespetatzea”.

Ordenantza ostegun honetan hasieraz onartzea aurreikusten du Etxeberriak, eta, alegazio epeak amaituta, udan behin betiko onartzea. “Ondorioz, aurreikusi dugu iraileko mugikortasun astean araudi berriaren sozializazio eta kontzientziazio kanpaina jartzea martxan, herritarrek uler dezaten araudia errespetatzearen garrantziaz” azaldu du.