Lehenengoa

Joan den mendeko industrializazioak gure paisaian eta bizimoduan eragin zituen aldaketak, aspaldi utzi zituen tokirik gabe mende askotan zehar gure herrietan funtsezkoak izan diren hainbat eta hainbat ogibide, eta horiekin batera, jakintza eta istorio mila. Errementariarena eta perratzailearena horien artean daude, oso antzinatik datozen lanbideak izanik, badirudi ezin izan dietela eutsi garai berriek ekarritako transformazioei.

lanian2_tx.png

Esan ohi dute errementariarena ofizio miresgarria dela, izan ere, suaren inguruan burdinaren gogortasuna tolesteko teknikaz jabetuta, gizaki ahalmendun bilakatu zen. Horregatik, antzinako garaietatik beren inguruan makina bat kondaira sortu izan dira. Geurean ere errementari trebeak izan ziren, sutegietan goritutako lantzekin Murumendiko herensugea akabatzeko kemena izan zutenak.

Bixente Barandiaran, Mentu, (1911-2004) Arrasateko azken errementaria dugu, tradiziozko ofizio honen azken testigua. Erakusketa honekin, lanbide honi loturiko lan prozesuak, teknikak eta sekretuak geureganatu nahi izan ditugu, bide batez, halako jakintzak eta bizimoduak gure imajinario kolektiboan betiko geratu daitezen. Izan ere, testigantza hauskor hauek dira babestu behar dugun kultura ondarea osatzen dutenak.

Erakusketan, Mentu plano gertuago batetik ezagutu eta XX. mendeko Arrasateko testuinguru nahasian kokatzeko abagunea izango dugu. Sutegi baten simulazioa, perratzaile ofizioaren nondik norakoak eta Arrasaten hain garrantzitsua izan zen metalgintzaren tradizioa izango dira erakusketa osatzen duten gainontzeko atalak.